DONOSTIAKO 69. Musika Hamabostaldia astelehenean hasi zen eta irailaren 6ra arte izango da hiriko hainbat agertokietan.
Bi hernaniar tartean
Inaugurazio egunean musikari eta talde ezberdin askoren emanaldiak izan ziren hiriko txoko askotan. Horien artean, astelehen arratsaldean ´Ornitorrinkus`emanaldia izan zen, tartean bi hernaniar zirela: Maialen Lujanbio eta Judith Montero. Maialenek testu idatziak, bertsoak eta ahotsa jarri zituen emanaldian, Judithek aldiz, saxofoi sopranoa, altua, tenorra eta baritonoa; Xabier Erkizia, Ibai Gogortza eta Iñigo Telletxea aritu ziren lan teknikoetan. Jende ugari bildu zen San Bizente elizapean, 200 lagun inguru. Oteizaren Piedadearen azpian aritu ziren eta gaia Oteiza bera izan zuten.
Asteko emanaldiak
Hamabostaldiko lehen astean emanaldi ugari antolatu dituzte. Victoria Eugenia Antzokian esaterako, hiru kontzertu izango dira aste honetan. Organo Zikloa izeneko atalaren barruan aldiz, sei kontzertu izango dira, Antzinako Musika Zikloan bezala. Musika Aitzaki atalean, hau da, herriz herri egiten diren kontzertuen atalean lau kontzertu izango dira: Hondarribian, Zumaian, Etxalarren eta Azkoitian.
Chillida-Leku
Nahiz eta inaugurazio egunean Chillida-Lekun Iñaki Alberdi eta Iñigo Aizpiolearen akordeoi kontzertuak izan ziren, hamabostaldiko kontzertuak igandeetan izango dira. Igande honetan, abuztuak 10, Coro Hondareren emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etan. Datorren astean berriz, Esemble Clement Janequin izango da, Chillida lekuko natura eta musika uztartuko dituena. Abuztuko azken bi igandeetan Francesco Tristano Schlimè eta Bertrand Chamayou-ren kontzertuak izango dira.