Hernaniko Natur Ondarea, errekak eta basoak ezagutzeko aukera, abuztuan Kronikan

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 5a, 02:00

OTSAILEAN Aranzadik Hernaniko Natur Ondarearen Azterketa aurkeztu zuen Biterin eta Ereñotzun. Ikerketa Iñaki Sanz hernaniarrak eta Ibai Olariagak egin zuten Joserra Diezen zuzendaritzapean. Azterketaren helburua, herriko natur ondarearen diagnostikoa egitea zen, gero udalari proposamenak egin ahal izateko. Horrela, baliabide hauek kontserbatzeko edo hobetzeko aukera izango bailukete.

Lur publikoak, errekak eta basoak
Aurkezpenean, Hernanik dituen lur publiko mordoa azpimarratu zuten eta lur hauek ondo kudeatuz gero, bertako natur ondorea babestu, kontserbatu edo hobetzeko aukera izango litzatekeela. Gainera, Hernanik baliabide haundiko guneak dituela ere aipatu zuten aurkezpenean. Esaterako, Europatik datorren 2000 Sarea programaren barruan Aiako Harria Parke Naturala eta Urumea ibaia ageri dira. Herrian ditugun errekei dagokienez, eraikinak Urumea errekaren ertzeraino eginak daudela jakin arazi zuten. Ondorioz, errekak ur haunditzeko dituen gune natural ia guztiak hartuta daudela. Hernaniko basoen inguruko diagnostikoa ere egin zuten eta azalera txikikoak direla azpimarratu zuten. Abuztuan zehar, Kronikan, Hernani Ezagutzen izeneko atal berrian, herrian dauden baso, erreka eta abarrei buruzko informazioa emango da, hauetako asko ez baitira oso ezagunak guztiontzat.

Iñaki Sanz:
«Helburua da, natur ondarea guk ondo ezagutu, eta jendeari ezagutaraztea»
Hernaniko Natur Ondarearen azterketaren egileetako bat da Iñaki Sanz biologo hernaniarra. Iñakik aitortu digunez «Hernaniko ingurugiro eta dibertsitateari buruz oso informazio gutxi dago eta etorkizunari begira asko dago egiteko». Azterketaren helburuetako bat da herrian duguna ezagutzea, gero zabaldu ahal izateko «herri mailan Hernaniko ingurua gutxi ezagutzen da eta helburua da guk eta Udalak ondo ezagutu eta jendeari ezagutaraztea». Gainera, Herriko basoek eta errekek duten egoeraz ere hitz egin digu Iñakik «herri inguruan dauden erreken egoera ez da oso ona, basoak berriz, batez ere Fagollaga inguruan daudenek dibertsitate oso aberatsa dute».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!