EGUZKi talde ekologistak prentsara bidalitako ohar baten bidez adierazi nahi izan du trenbide eta tren geltokien egoera ez dela ona. Talde ekologistak Gipuzkoako tren geltokien egoeraren diagnosia plazaratu zuen bere garaian eta gertatu diren azken istripuen ondorioz, gaia plazaratu nahi izan du berriro ere.
Eguzkik azaldu du RENFEk eskaintzen duen zerbitzuak gabeziak dituela: «Gipuzkoan geltoki batzuetan ezinduek iristeko arazoak dituzte, geltoki batzuk itxita daude eta beste batzuk ez daude beti irekita; beste batzuek ez dute aterperik euria ari duenerako; eta beste askok ez dute komunik, eta garrantzitsuena, badaude geltokiak tren azpiko pasabiderik ez dutenak». Eguzkik tren azpiko pasabideak egiteko obrak lehen bailehen hastea eskatu du.
Taldeak azaldu duenez, «geltokietan dagoen segurtasun falta dela eta, oso denbora tarte gutxian trenek 4 pertsona harrapatu dituzte. 2 Urnietan, 1 Hernanin eta beste pertsona bat Tolosan».
Eguzkik dio istripu hauek saihestu zitezkeela eta «arazoaren erantzuleei» erremedioa jartzeko exijitu die, «trenbidea ez dadila izan heriotzaren pasabidea».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!