MUSIKA hamabostaldiko kontzertuak izango dira aurten ere Chillida Leku museoan. Donostiako Musika Hamabostaldiko 69garren edizioa da aurtengoa eta abuztuaren 4an hasi eta irailaren 16ra bitartean, musika klasikoaren inguruko hamaika ekitaldi izango dira. Nazioarteko musikariak etxetik gertu ikusteko aukera eskaintzen du hamabostaldiak, eta igandetik aurrera oraindik ere gertuago, izan ere, Chillida Lekun 4 emanaldi egingo dira ziklo honen barruan. Hondore abesbatza izango da Chillida Lekuko Musika Hamabostaldiko zikloa hasiko duena. Abesbatza 1996an sortu zen Gipuzkoako abesbatza ezberdinetan zebiltzan hainbat kidek, abesbatzako kantuan sakontzeko helburuarekin. Taldeko kide gehienak Donostiako Orfeoiaren filiala den San Ignacio abesbatzatik datoz. Hain zuzen, 1996ko abendura arte abesbatza horretako zuzendaria izan zen Jesus Mª Unanue da gaur egun Hondore abesbatzako zuzendaria. Igandeko kontzertuan Fauré, Ravel, Whitacre eta Holman-en obrak abestuko dituzte. Emanaldia, arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrerak 10 euro balio du. Sarrerak www.quincenamusical.com web gunean eskura daitezke edo Kutxa-ren bidez.
Gainerako emanaldiak
Abuztuan igandero izango dira Musika Hamabostaldiko kontzertuak Chillida Lekun. Ziklo honen barruan Hondore abesbatzarekin batean, entzun ahal izango dira: Ensemble Clement Janequin; Francesco Tristano Schlimè pianojolea eta Bertrand Chamayou pianojolea.
Beste egoitzak
Chillida Leku museoko zikloaz gain, Donostian ere izaten ari dira emanaldiak: Victoria Eugenia Antzokian, Kursaal Auditorioan, Miramar Jauregian, Koruko Andra Mariaren Basilikan, Santa Teresa Komentuan eta San Bizente Elizan. Egun hauetan izen haundiko orkestrak izango dira areto hauetan, esaterako: Txekiako Orkestra Nazionala, Donostiako Orfeoia, Sara Baras Ballet Flamenkoa, Espainiako Orkestra Nazionala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Tolousseko Kapitolioko Orkestra Nazionala. Egitarau osoa eta kon-tzertu bakoitzeko programa Musika Hamabostaldiko web orrian aurki daiteke, www.quincenamusical.com web gunean.
ABUZTUAK 10, igandea HONDORE ABESBATZA. 19:00etan hasita. Jesus Maria Unanue zuzendari dela Fauré, Ravel, Whitacre eta Holmanen obrak abestuko dituzte.
ABUZTUAK 17, igandea ENSENBLE CLEMENT JANEQUIN 19:00etan hasita. ‘Le chant des oiseaux’, Janequin, Le Roy eta Lejeuneren lanak entzun ahal izango dira, Dominique Visse-ren zuzendaritzapean.
ABUZTUAK 24, igandea FRANCESCO TRISTANOSCHLIMÈ 19:00etan hasita. Luxenburgon jaio eta Bartzelonan bizi den pianojoleak J.S. Bach eta Cage-en lanak joko ditu.
ABUZTUAK 31, igandea BERTRAND CHAMAYOU 19:00etan hasita. Messiaen, Liszt, Debussy eta Ravalen lanak joko ditu pianojole frantsesak.