Munduan barrena sakabanatutako 150 adarragatar Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 3a, 02:00

ADARRAGA familiako kideak, munduko txoko ezberdinetan bizi direnak, Hernanin bildu dira uztailan, beren arbasoen sorterrian. Guztira 150 adarragatar elkartu dira, jai giroan asteburu pasa egiteko. Egindako deialdiari esker Hernanin izan dira Galizia, Madril, Logroño, Gasteiz, Zurich, Heidelberg, Paris, Australia eta bertako adarragatarrak. Senitartekoek azaldu dutenez, bilerara arrazoi batengatik edo bestearengatik ezin izan dute etorri Palentziako Unamuno Adarraga, Sevillako Ibaleon Adarraga eta Hendaiako Lizeaga Adarraga sendiko kide batzuk. Hala ere guztiak gogoan izan dituzte.

 Bilerak iraun zuen bitartean plan ugari egin dituzte elkarrekin: Adarra mendia igo, bazkari-afarien bueltan bildu, hildakoen aldeko meza egin Agustinetan, Chillida Leku bisitatu, eta Donostia ezagutu, besteak beste.

Bilera antolatzeko bi urte behar izan dituzte eta azaldu dutenez, arrakastatsua izan da Madrilen bizi den Rafa Montoya Adarraga eta Australian bizi den Agustin Adarraga Elizaranek egindako lanari esker. Kirolari olinpikoen oinordekoak izaki, hurrengo bilera 2012an egitea adostu dute adarragatarrek, datozen olinpiadetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!