Abuztuko atsedenaldiaren ondoren, Molotoff Irratiak indarberrituta ekingo dio kurtso berriari

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 3a, 02:00

MOLOTOFF Irratiak (91.8 FM) udara iritsi ahala, urtero bezala atsedenaldiari ekin dio eta bidez batez, bukatu berri den kurtsoari buruzko balorazioa egin du. 2008/09 denboraldiko programazioari amaiera ekainaren 16an eman zion irratiak. Irratiko arduradunek azaldu dutenez, «hogei bat saioz osatutako zuzeneko programazioa izan da gai desberdinak jorratu dituztenak (musikari buruzkoak nagusi izan dira, baina herriko aktualitatea, umorea, gai sozialak eta bestelako gaiak landu dituzten saioak ere izan ditugu). Saioetaz gain, Arrosa irrati sareko saioek ere osatu dute programazioa denboraldian zehar, esaterako, Gasteizko Hala Bedi, Iruñeako Eguzki edo Oiartzungo irratietako saioek. Gainerako programazioa estilo ezberdinetako musikak osatu du.

San Joanetako balorazioa
Urtero bezala Molotoff Irratiak txosna jarri du San Joan jaietan. Azaldu dutenez, «hogeitik gora musika zaletu arduratu dira musika eskaintzaz eta guztien artean musika egitarau aberatsa eta dantzagarria eskaini dute. Urtero bezala jende askok bisitatu du txosna eta giro ederra sortu da». Molotoff Irratiak eskerrak eman nahi izan dizkie bai txosnara gerturatu direnei, txosna aurrera ateratzeko musu truk lanean aritu direnei, eta baita denboraldian zehar irratira gerturatu eta irratiaren alde lan egin duten guziei ere.

Programazio berria
Abuztuko atsedenaldiaren ondoren irailean programazio berria emititzeari indar berrituta ekingo diotela ere azaldu dute. Bitarte horretan irratian konponketa batzuk egin nahi dituzte eta beraz ez da zuzeneko saiorik izango. Abuztuan musika izango da nagusi irratian, nahiz eta tartean errepikapenak eta saio bereziak izango diren. Bukatzeko, irratiko ateak zabalik daudela gogorarazi nahi izan dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!