UDAZKENEAN pare bat ikastaro izango dira herrian, Aulas Kutxa ekimenak antolatuta. Batetik, Sukaldaritza miniaturan: pintxoak izeneko ikastaroa izango da, Txantxangorri elkartean. Ikastaroan miniaturako sukaldaritzan erabiltzen diren produktuak prestatzen, antolatzen eta aurkezten irakatsiko dute. Besteak beste, honakoak prestatuko dituzte: odolki-kaneloia babarrun zuri saltsarekin, plantxan egindako meloia eta ahuntz gazta duen entsalada; mendreska, gazpatxo trufatua eta perrexil-olioz betetako tomatea; antxoa eta kalabazinen lasagna, txangurroa pistoarekin; zigala carpaccioa izokin-arrautzen maionesarekin; eta abar luze bat. Ikastaroa azaroaren 6tik abenduaren 4ra bitarteko ostegunetan izango da, arratsaldetan. Matrikulak 42 euro balio du.
Bestetik, Sortu DVD bat, oporretako zure argazkiekin izeneko ikastaroa ere antolatu dute. Ikastaro hau Hernani Institutuan izango da, EPOn. Ikastaro honetan argazki digitalak hobetzen erakutsiko dute eta batez ere argazkiekin album digital bat egin eta DVD bat montatzen.
Ikastaroa azaroaren 4tik 27ra izango da, astearte eta ostegunetan. Matrikulak 36 euro balio du.
Bi ikastaroetan izena emateko www.kutxasocial.net web orrian sartu behar da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!