URTEKO erremonte txapelketa garrantzitsuenetarikoa eta jarraituenetarikoa hasiko da gaur Galarretako frontoian, buruz buruzko Casino Kursaal Torneoa. 26garren edizio hau torneoa bizia izango dela pentsatzeko motiboak badaude: Koteto Ezkurrak hamargarren txapela eskuratu nahiko du, azken urteetan eskuratu ezin izan duena; Lizasok sekulako gogoarekin jokatuko du torneoa, iaz belauneko operazioa zela-eta, ezin izan baitzuen parte hartu; Zeberio IIak erakutsi nahiko du azken bi urteetan txapela ez duela kasualitatez irabazi eta gogor saiatuko da; azpikaldetik datozenen kasuan, aurten debutatuko duen Urrizak esaterako, merezimendu osoz jokatuko du txapelketa, prebian Uterga menderatu baitu.
Gaurko partidua
Gaurko kanporaketan jokatuko duten bi pelotariak, Doneztebeko San Miguel eta Zarauzko Juaristi, torneoan parte hartuko duten pelotari gazteenetarikoak dira. Aurrenekoak 21 urte ditu eta bigarrenak 27. Jon Juaristik 2002an debutatu zuen eta ordutik Gipuzkoako txapeldunordea izatea lortu du, Iriarterekin batera; eta Faustinon bikotekako torneoko semifinaletara iristea lortu zuen Lizasorekin batera. Julen San Miguelek, 2004an debutatu zuen eta ordutik garaipen handiak lortu ditu: Labriteko Gabonetako binakako torneoko txapelduna izan zen 2004an, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko desafioan ere txapelduna izan zen, 2006an; Binakako txapelketa ofizialeko txapelduna ere bai, 2006an; Foru Erkidegoko torneoko txapelduna ere izan zen, 2007an; eta San Ferminetako torneoko txapelduna izan da aurten; besteak beste. Gaurko partidua Galarretan izango den jaialdiko bigarrena izango da. Horrez gain, beste hauek ere jokatuko dira: Ibarzabal-Zubizarreta/Zulaika-Martinez I; Ezkurra-Ion/Urriza-Urrutia; eta Bitoria-Etxabe/Uterga-Badiola. Jaialdia 16:00etan hasiko da.
Txapelketako egutegia
KANPORAKETAK:
Abuztuak 2. Juaristi/San Miguel
Abuztuak 5. Altuna II/Urriza.
Abuztuak 9. Aurreko bi partiduetako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute. Abuztuak 12 Urrutia/aurreko partiduko irabazlearen kontra.
Abuztuak 16 Lizaso/aurreko partiduko irabazlearen kontra.
SEMIFINALETAKO LIGAXKA:
Abuztuak 23. Zeberio II/Ezkurra.
Abuztuak 26 Abuztuaren 16 eta 23ko partiduetako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute.
Abuztuak 30 Abuztuaren 23ko partiduko galtzailea abuztuaren 16ko irabazlearen kontra.
Irailak 6. FINALA Semifinaletako ligaxkan sailkatu diren bi pelotariek jokatuko dute.
Azken txapeldunak
2007: Zeberio II.
2006: Zeberio II.
2005: Ezkurra.
2004: Ezkurra.
2003: Eizagirre.
2002: Ezkurra.
2001: Ezkurra.
2000: Lizaso.
1999: Ezkurra.
1998: Ezkurra.
1998: Ezkurra.
1997: Ezkurra.