GIRO sargoria eta jai giro ederra izan ziren atzo Santa Barbarako San Inaziotako protagonista. Santa Barbarainoko azken aldapa oinez igo behar izan bazuten ere, beroak ez zuen jendea uxatu, eta primerako giroa izan zen. Antton Garin eta Juan Miguel Urulain Larrabide ere protagonista berezi izan ziren atzokoan. Izan ere, aurrenekoak bertsotan eta bigarrenak aizkoran, urteak daramazkite Santa Barbarako San Inazioak girotzen. Hori dela eta, jaia antolatzen duen Morkaiko elkarteak omenaldi xume bat eskaini zien biei, bazkalondorenean.
Herri kirol saioa
Atzoko beroa, herri kirol saioan parte hartu zutenek sufritu zuten gehien, dudarik gabe, saioa eguerdian izan baitzen. Imanol Paolla, Aitor Barrenetxea, Izaskun, Ander Barrenetxea, Suharri eta Nerea Etxeberriak osatutako taldeak irabazi zuen.
Bigarren taldean, Larra, Larrabide, Josu Iradi, Iñigo Atxega, Ane eta Naiara Etxeberria aritu ziren. Hauek ere fin aritu ziren, baina ezin izan zuten aurreneko taldekoen sasoiarekin.
Erromeria arratsaldean
Bazkari ederraren ondoren, lagunarteko toka txapelketari ekin zioten bertan bildu zirenek. Xabier Solano, Jon Mari Beasain eta lagunek osatutako taldeak ere giro ederra jarri zuten erromerian. Haurrek jolasekin eta txokolatadarekin pasa zuten arratsaldea.