Noiztik ari zara Santa Barbarako San Inaziotan parte hartzen?
Oialumekoak eta Ereñotzukoak urte batean herri kiroletan hasi ginen, aizkoran eta abar. Oialumekoak pareja bat osatu genuen, Aitor Barrenetxea lehengusuak eta biok, eta Ereñotzun ere gauza bera egin zuten Manu zenak eta Roxariok. San Inaziotan antolatzaileek esaten digute gurekin kontatzen dutela eta guk zerbait egingo dugula esaten diegu.
Beraz, gustura aritzen zareten seinale ezta?
Saltsan ibiltzen gara pixka bat nahiz eta ez garen iristen... Alde batetik ez daukagu aizkolari ofiziorik, gaia ere gutxi dugu, baina baten batek jarri behar izaten du festa. Egun horretarako hiru bat entrenamendu egiten ditugu forma pixka bat hartzeko, itxura antzean aritzeko.
Orduan, aurten ere entrenatzen aritu zara ezta? Nolako bi talde izango dira?
Bai, aritu naiz bai. Aizkoran Larrabide eta ni arituko gara. Josu Istubegikoa harri jasotzen ariko da eta Iñigo txingekin. Beste bi ere ariko dira ingudearekin. Gainera, aurten Bizkaiatik bi neska etorriko dira trontzan aritzera. Trontzan aurten mistoa egin dugu, neska bat nirekin izango da eta bestea Aitor Barrenetxearekin. Beste taldean, Aitor Barrenetxea eta Imanol Fagollagakoa arituko dira. Harri jasotzen berriz Suharri, eta txingekin Ander Barrenetxea.
Beti herri kiroletan?
Bai. Lehen ere sokatiran ibili izan nintzen Euskal Herri mailan Errenteria eta Oiartzun mugan dagoen Auzolan taldearekin. Haiekin ere ibili nintzen zazpi bat urtez, nahiko serio, hogei urtetatik hogeita zazpi urtetara. Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan hartzen genuen parte. Eta hortik aurrera herri kirolaren bueltan ibili izan naiz beti, sokatiran, aizkoran, txingan...
Nondik datorkizu herri kiroletako afizioa?
Afizioa baserritik datorkit. Segan ere ibilia naiz. Behin, nahiz eta ez zen behar bezalako apustua izan, orduan txapelketetan zebilen bati irabazi nion. Txapelketetan parte hartzeko tentazioa ere izan nuen, baina lana dela eta ez dela, ezin izan dut. Baina, ez naiz horietakoa izan, batzuk entrenatzen eta serio aritzen dira. Hala ere, saltsa hori gustatzen zait.
Zein lan da gehien gustatzen zaizuna?
Ondoen segan aritzen naiz, Hobekien aritzen naizen lana da dudarik gabe. Orain urte batzuk Kronikak sega apustu bat antolatu zuen eta hura ere irabazi nuen. Beti jende berdintsua ibiltzen al zarete? Edo jende asko pasa da? Ezagunetan Roxario Pikabea ibili izan da, Manu zena ere bai, Tapia, Larrabide baita ere, nahiz eta lehengo urtean ez zen aritu... Arbiltza ere aritu izan da. Beste batzuk urtebeterako izan dira, baina aipatzekoak horiek.
Iaz irabazle edo galtzaileen taldean suertatu zinen?
Lehengo urtean irabazleen taldean uste dut aritu ginela, aizkoran galdu egin genuen baina jeneralean irabazi egin genuela esango nuke. Hala ere, nik horri ez diot garrantziarik ematen. Nik festa sortzeko egiten dut. Aurten hasieran ez nintzela arituko esan nion haragi etena edo zuntz haustura bat izan bainuen. Orduan, aizkoran aritzen den urnietar bat ekartzea erabaki zuten eta hark ere ezin zuen. Beraz, aurten ere hor izango naiz.
Zein ekintzetan izaten da giro gehien? Jendea herri kirolen bueltan mugitzen da gehien. Gero bazkaltzen geratzen direnak ere badira eta arratsaldean toka txapelketa eta soinua, erromeria ere izaten da, beraz, arratsaldean ere giro polita izaten da. Hala ere, festarik potoloena herri kirolena da.
Zer esango zenioke herriko jendeari Santa Barbarara joateko?
Perezak utzi eta joateko esango nioke. Gainera, animatzera etortzeko ere esango nieke, indarrak beharko ditugu eta. Gogoa baldin badu joateko, herri kirolak eta festa gustatzen bazaizkio, aukera ona da. Hala ere, normalean San Inazio egunean Santa Barbara joaten den jendea tradizioz joaten da. Jende berri gutxi izaten da, garai honetan festak edonon izaten baitira.