SAN Inazio jaiak ospatuko dira gaur Santa Barbaran, urtero uztailaren 31n egin ohi den bezala. Eguraldiak laguntzen badu, jende dexente gerturatuko da Santa Barbara tontorrera, antolatzaileek antolatutako planari hutsik egin gabe. Jaia goizeko 10:30etan hasiko da eta arratsaldeko 19:00ak arte ekitaldiak izango dira, bata bestearen atzetik: meza, bertsolariak, herri kirolak, toka txapelketa, erromeria eta haurrentzako jolasak besteak beste. Jaia urtero Morkaiko taldeak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.
Herri kirolak
Herri kirol desafioa oso estimatua izaten da Santa Barbarako San Inaziotan. Horren seinale da ikustera joaten den jende kopurua. Aurten ere bi talde antolatu dituzte eta aizkoran, trontzan eta harri jasotzen ariko dira.
Aizkoran aurreneko taldetik, Imanol Paolla eta Aitor Barrenetxea ariko dira. Bigarren taldean Larra eta Larrabide ariko dira, lan berean.
Trontzan, Bizkaitik etorritako neska bana ariko da talde bakoitzean.
Harri jasotzen, aurreneko taldean, Suharri ariko da, eta bigarren taldean, Josu Iradi.
Txingan, aurreneko taldean, Ander Barrenetxea da animatu dena, eta bigarrenean Iñigo Atxega.
Ingudea izango da azkeneko proba. Aurreneko taldean Izaskun ariko da eta bigarrenean Ane.
Bertsolariak eta bazkaria
San Inaziotan ez dira bertsolariak falta izaten eta aurten ere ez dira urruti ibiliko. Tartean izango da Antton Garin bertsolaria, 1978tik hutsik egin gabe San Inazio jaietan kantatu izan duena. Mikrofonoa hartu eta herri kirolak girotzera ere animatuko da, seguru aski.
Ondoren, herri kiroletan utzitako indarra berreskuratzeko menu ederra prestatu dute Santa Barbaran. Urtero bezala, marmitakoa, txuleta errea eta Adarragako tarta izango dira menuan. Aurrikusi dutenez, guztira 80 bat lagun bilduko dira bazkaritarako. Bazkalostean lagunarteko toka txapelketa prestatu dute.
Erromeria berezia
Dantzarako gogoa duenak badu motiborik gaurko egunarekin Santa Barbara joateko. Izan ere, azken urteetan bezala Xabier Solano eta Jon Mari Beasainen eskutik erromeria izango da, 17:00etatik aurrera. Trikitixa eta panderoarekin Ereñotzuko bikotea espezialista da dantzarako giroa jartzen.
Kotxean goizeko 10:00ak arte igo ahal izango da Festaren antolatzaileek jakinarazi dutenez Santa Barbarara kotxez igo nahi duenak goizeko 10:00ak arte izango du aukera. Ordu horretatik aurrera Santa Barbararako sarrera itxiko dute eta oinez igo beharko da azken aldapa.