FATIMETU, said, Bachir eta Mentou dira aurten Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik etorritako lau haurren izenak. 7 eta 11 urte bitarte dituzte eta Saharako desertuan dauden Aaiun, Auserd eta Aosird kanpamenduetatik datoz. Gehienak lehenago ere izan dira Saharatik kanpo, baina 7 urte dituen Fatimeturentzat lehen aldia da. Haurrak etxean hartu dituzten gurasoak oso pozik daude Saharako haurrak etxean hartu izanagatik. Azaldu dutenez, asko gustatzen zaie familia giroan egotea eta oso esker onekoak dira.
Aldaketara azkar ohitzen dira
Saharako errefuxiatu kanpamenduetako bizimoduaren eta Hernaniko bizimoduaren artean badago alderik. Gainera, San Joanetako zalapartaren erdian iritsi zirela kontuan hartuta, zer esanik ez. Aldaketa horretara egiteko, haurrek tartetxo bat behar izaten dute, batez ere aurreneko aldia denean, Fatimeturen kasuan bezala. Hala ere, gurasoak harrituta daude haurrak oso azkar moldatu direlako bizimodu aldaketara. Saharako haimetan, esaterako, ez dago komunik, ezta logela banandurik ere. Haurrak etxean hartu dituzten gurasoek azaldu dutenez, ikaragarria da hainbesteko aldaketaren aurrean haurrak nola moldaltzen diren ikustea: «Lehenengo egunetan logelan bakarrik utzi eta atea irekita uzteko eskatzen zidan haurrak. Saharan, aitak, amak, anai-arrebek, familia osoak batera egiten dute lo, eta ez daude ohituta bakarrik lo egitera». Hizkuntza aldetik ere gauza bera azpimarratu dute gurasoek, nahiz eta etortzerakoan euskaraz edo gazteleraz hitzik ere ez ulertu, berehala jartzen omen dira.
Haurrak hartzera animatu
Aurten lau haur etorri dira Hernanira; ez da guraso gehiago animatu haurrak hartzera. Datorren urtean haur gehiago etor daitezen, Hernaniko familiak animatu nahi izan dituzte aurten Saharako haurrak etxean hartu dituzten gurasoek. Esperientzia polita dela esaterakoan ez dute dudarik egiten.
Goizetan begiralearekin
Astean zehar goizetan begirale batekin ibiltzen dira haurrak. Gehienetan, hondartza, igerileku estali edo ur parkera joaten dira, uretan jolastea baita gehien estimatzen dutena. Horrez gain, hainbat mediku errebisio egiteko tartea ere hartu dute: ahoa, bizkarra, begi eta belarriak eta errebisio orokorrak, batez ere. Begiraleak azaldutakoaren arabera, haurrak probak ondo pasa dituzte. Begiraleekin egindako planez gain, etxean hartu dituzten gurasoekin oporretara joateko asmoa ere badute.
Oporrak bakean programa
Oporrak bakean egitasmoari esker joaten dira udan oporretara Saharako haurrak. Ekimena Frote Polisarioak antolatzen du eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua da haurrek Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik aparte beste bizimodu eta kulturak ezagutzea, eta udaran Saharako bizi baldintza gogorretatik kanpo ateratzea.