PSE-EE: «Jakin nahi genuke noiz hasiko den Gobernu taldea ur parkeak dituen gabeziak konpontzen»

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 31a, 02:00

PSE-eek idatzi baten bidez adierazi nahi izan du ur parkeak dituen gabeziak lehen bailehen konpondu beharko liratekeela. Azaldu du Gobernu taldeak ur parkeak dituen gabezien berri eman duela udal aldizkariaren azken bi aleetan eta gabezia horien erruduntzat aurreko Gobernu taldea (EAJ, EA, EB) duela. PSE-EEk dioenez, «bakoitzak bere erantzukizunak ditu. Aurreko Gobernu taldeak ur parkearen instalazioen erantzukizuna izan du, proiektutik hasi eta azpiegiturak martxan jartzeraino». Gogorarazi nahi izan du, bere garaian «PSE-EE izan zela proiektuaren kontratazioaren inguruan desadostasuna adierazi zuen alderdi bakarra, pentsatzen baikenuen emaitzaren gaineko kontrola galduko zela». Bestalde, egungo Gobernu taldeak bere erantzukizuna ere baduela uste du PSE-EEk: «Gobernu taldeak urtebete darama gobernuan, eta egin duen bakarra izan da txostena eskatzea, ur parkearen inguruko gabeziak jasotzen dituena». PSE-EEk azpimarratu du txostena apirilekoa dela, «udal aurrekontuak eztabaidatzen ari ginen garaikoa, eta Gobernu taldeak ez zuen ur parkearen gaineko partidarik sartzea proposatu». PSE-EEk azaldu du txostenaren berri udal aldizkariaren berri jaso dutela eta uste du, txostena aldizkarian argitaratzeko helburuarekin egin zela: «izan ere ez dute inongo batzordetan aurkeztu, eztabaidatzeko eta arazoei konponbidea emateko». PSE-EEk galdetu du txostenean azaltzen diren gabeziak noiz konponduko diren, «Gobernu taldeak ohikoa duen geldotasunarekin jokatzen badu, erabakitzen dutenerako, agian egin daitekeen bakarra da ur parkea botatzea edo eraistea». Guzti honen ondorioa herritarrek nozituko dutela uste du PSE-EEk, «dirua ordaintzen ari baitira, txostenak dioen bezala, oso egoera kaxkarrean dauden instalazioak erabiltzearen truke. Ez zaie inporta beraiek edo haien seme-alabek istripu bat izatea. Ez zaie inporta, ezta ere, hernaniarrek hainbeste arrakasta izaten ari diren ur parkearekin gozatu ahal izatea».


Ekintza programa
PSE-EEk proposatu du ur parkearen gabezien berri ematea kontratatu zen obra zuzendaritzari, eta aldi berean, teknikariek ekintza programa bat proposatzea arazoak konpontzeko. Obrak ur parkea itxi bezain pronto egin beharko liratekeela ere uste du PSE-EEk, «eta ez datorren udarara arte itxaron berriro ere ur parkearen egoeraz kexatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!