Iñaki Arratibelek, Eusko Alkartasunako bozeramaileak, prentsa ohar baten bidez bere desadostasuna adierazi du Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako azken hitzarmenaren inguruan. Azaldu duenez, hitzarmen honetako puntu batean, eraikin bat egitea aurreikusten da, atletismo pista ondoan eta haur eskolaren aurrean. Eraikina etxebizitza dotazionalentzat edo zuzkidura alojamenduentzat izango litzateke. Etxebizitza hauek premia gehiena duten gizarteko sektoreentzat izango lirateke, babes gutxien dutenentzat. EAk adierazi du, hitzarmenean ez dela zehazten zein ezaugarri izango dituen eraikinak, «baina zehazten da eraikina Eusko Jaurlaritzari emango zaiola, bere osotasunean».
Iñaki Arratibelek azaldu duenez, Lurraren Legeak 20.000 biztanle baino gehiago dituzten herriak behartzen ditu mota honetako zerbitzuak gordetzera, «eta Hernanik ez du baldintza hori betetzen». Dioenez«baldintza horiek betetzen dituzten udalerriek lurraren %25a gorde behar dituzte, gutxienez, eta portzentaje hau haunditzeko aukera ere aurreikusten da udalak egoki ikusten badu». Arratibelen iritzira, «udalak ez dio zertan lurrak gordetzeko eskubideari uko egin behar, izan ere lurrak gordeta, etxebizitza politika propioa egiteko aukera izango luke, babes gutxien jasotzen duten hernaniarren mesederako».
Iñaki Arratibelek dio Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenak ez duela gutxieneko %25a gordetzen, «lurraren %100a emango baitzaio Eusko Jaurlaritzari». Bere iritzira, hitzarmen hau herriko interesen kalterako da, «izan ere Udalak berea den lur eremuaren gaineko eskubideei uko egin die, inolako justifikaziorik gabe»
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!