«Argentinako euskal talde guztien ilusioa da hona etortzea eta guk ilusio hori errealitate egin dugu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 31a, 02:00

Nola sortu zitzaizuen hona etortzeko aukera?
Necochean, gu bizi garen lekuko euskal etxean, orain lau urte elkartruke proiektu bat egitea erabaki genuen eta Euskal Herriko jendea eraman genuen hara euskal dantzak dantzatzera eta kirola egitera. Hilabetez egon ziren hango euskal etxean eta izugarrizko arrakasta izan zen, jende ugari bildu baitzuten. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu han egin eta erakutsitako guztiagatik. Hala ere, nahiz eta elkartruke proiektu bat izan, guretzat oso zaila zen Euskal Herrira etortzea. Hasieran proiektua EGK-rekin (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua) hasi genuen eta hauek antolatuta joan ziren hemengo gazteak hara. 40 neska-mutil inguru joan ziren eta hauek izan dira gu Euskal Herrira ekartzeko proiektua bultzatu dutenak eta lagundu digutenak.

Lehendik ere egonak al zarete?
Gutariko batzuk bai, txikiak ginenean, lau edo bost bat urterekin etorri ginen, baina askorentzat etortzen garen lehen aldia da.

Euskal Herrira dantzatzera etorri zarete. Han noiz eta nola ikasi duzue dantzan?
Txiki txikitatik ikasi dugu. Necochea eraiki zela jada 60 urte pasa dira. Euskal etxera joaten garen guztiak euskaldunen oinordekoak gara. Beraz, familia guztiak bertan biltzen gara, aiton amonetatik hasi eta bilobetaraino. Gure familiak txikitatik saiatu dira euskal kultura transmititzen. Necochea eraiki zutenak hasi ziren beren seme alabei euskal dantzak erakusten eta belaunaldiz belaunaldi hala jarraitu dugu. Guk eskolatik atera eta egun guztia han pasatzen genuen, pelotan jolasten, dantzatzen.... Euskal etxea egin zenean lau edo bost pertsonako dantzari taldea besterik ez zegoen, gaur 70 inguru aritzen gara dantzan. Gainera, euskara, musika, euskal abestiak eta abar. ere ikasten ditugu.

Ekitaldi ugari dituzue Euskal Herritik zehar ezta?
Guztira zortzi. Atzo Biterin izan genuen. Hernanikoaz gain Azpetian, Oiartzunen, Legution eta Villabonan ere dantzatu dugu. Orain Lemoa, Zeanuri eta Etxarri geratzen zaizkigu. Jendeak oso ongi erantzun du, guk daukagun ilusioa beraiengan ere ikusten da.

Zein dantza dantzatuko dituzue?
Fandangoa, Axeri dantza, Arin Arina, Maskarada Zuberoarra, Ezpata dantza, Arku dantza eta Makil dantza. Argentinako hiru dantza ere egingo ditugu, Chacarena, Escondido eta Zamba deiturikoak.

Euskal kultura nola bizi duzue?
Argentinan euskaldun sentimendua oso handia da eta ez da urteak pasa ahala galtzen ari den zerbait, guk ere, oinordekoek, jarraitzeko intentzioa baitaukagu. Batez ere kultura arloan bizitzen dugu, kirolarekin, dantzarekin, gurasoek txikitatik erakusten dizkiguten abestiekin... Oso polita izaten da, belaunaldi guztiak biltzen baikara dantzatu, abestu eta afaltzeko; eta hori Argentinako kulturan oso gauza arraroa da.

Zuetako askoren arbasoak hernaniarrak dira ezta?
Guztira 23 etorri gara, baina 7 hernaniarren oinordekoak gara. Gaur egun Tilosetako eskailera nagusien haurrean dagoen etxean, orain Santa Barbara elkartea dagoen horretan, gure birraitona bizi zen. Gregorio-Zubillaga familiaren oinordekoak gara. Zazpiak gure artean lehengusuak gara. Gaur gure amona, edo izaba-amona Hernanin bizi da. Gutako baten ama ere hernaniarra da. Amona Argentinatik etorri zen alaba Hernanin jaio zedin.

Zer sentitu duzue Euskal Herrira iristean?
Iritsi bezain laster paisaia nola aldatzen den konturatu ginen. Horrenbeste denboran argazkitan ikusi duguna orain pertsonalki ikustea lortu dugu. Ekitaldien artean bidaiak egiteko intentzioa dugu, herriak eta hiriak ezagutu, jaiekin gozatu. Iritsi ginenean ezin genuen guztiok batera hemen ginenik sinestu. Argentinan dauden euskal talde guztien ilusioa da hona etortzea eta guk ilusio hori errealitate egin dugu. Esan zigutenean ez genuen sinesten... familiakoek disfrutatzeko esan ziguten, gure arbasoen ametsa errealitate egiteko aukera izango baitugu. Kaletik horrenbeste ikurriña ikusteak ere ikaragarrizko ilusioa egiten digu eta zer esanik ez euskara entzuteak. Norbait gaztelaniaz ari dela ohartzen garenean ez zaigu asko gustatzen, ezer ez ulertu arren, nahiago dugu euskara hutsa entzun. Honez gain, kalean goazenean edota jendeak dantzatzen ikusten gaituenean askok ez digute argentinarrak garenik sinesten.

Zertan uste duzue izango dela baliotsua Euskal Herrian egingo duzuen egonaldia?
Batez ere dugun euskaldun sentimendua finkatuko dugu. Benetan barruraino iristen zaigun sentimendua da eta ikasten jarraitzeko eta gure oinordekoei erakusten eta transmititzen jarraitzeko balioko digu. Kontatu digutenaz gain, guk ezagutzeko aukera izan dugu eta hori garrantzitsua da. Hara iristen garenean ez gaituzte jasan ere egingo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!