BANAKAKO erremonteko txapelketa ofiziala aurkeztu berri dute Galarreta S.L eta Euskal Jai S.A enpresek.
Txapelketa oso osorik Galarretako frontoian jokatuko da. Guztira abuztuko zortzi egunetan jokatuko da eta final haundia irailaren 6an izango da.
Txapelketako sistema
Lehenengo partiduan, abuztuaren 2an, San Miguel eta Juaristik final hogeita hamabigarrenak jokatuko dituzte. Abuztuaren 5ean, txanda berean, Urriza Altuna IIaren aurka arituko da. Partidu honetako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final hamaseirenetan, abuztuaren 9an.
Ondoren, abuztuaren 12an, Urrutia izango da aurreko partiduko irabazlearen aurkaria, final zortzirenetan.
Txapelketako lehen fasea final laurdenekin amaituko da, aurreko partiduko irabazlea eta Lizasoren arteko partiduarekin; abuztuaren 16an.
Final laurdenetako partidua irabazten duen pelotaria final erdietako ligaxkan sartuko da. Bertan orain arteko bi onenak izango ditu zain, Patxi Zeberio (2008ko txapelduna) eta Koteto Ezkurra (9 txapela palmaresean).
Ligaxkak hiru partidu izango ditu. Lehenengoa abuztuaren 23an izango da, bi haundien arteko lehiarekin Patxi Zeberio eta Koteto Ezkurra. Bigarrena abuztuaren 26an izango da. Partidu honetan, Zeberio eta Ezkurraren arteko irabazlearen, eta ligaxkara pasa den pelotariaren artean izango da lehia. Ligaxkako azken partidua 23ko partiduko galtzaileak eta ligaxkara pasa den pilotariak jokatuko dute.
Finala partidu bakarrean erabakiko da eta ligaxkan onenak izan diren pelotarien artean jokatuko da. Ligaxkan jokatu diren hiru partiduetako emaitzetan berdinketa izango balitz, tantu gehien egin eta gutxien galdu dituen pilotariek jokatuko lukete finala.
Edozein arrazoirengatik partiduren bat atzeratu beharko balitz, arduradunek atzeratuko lukete.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!