Apeaderoko igogailua udaberrirako egingo dute

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 30a, 02:00

RENFEKO apeaderoa eta herria lotuko dituen igogailua datorren urteko, 2009ko, udaberrirako egina egongo da, dena ondo joanez gero. Gaur arratsaldean egingo den Hiringintza Batzordearen ondoren kontratazio espedientea irekiko da eta obra konkurtsora aterako dute. Igogailua egiteko obrak irailean hasi eta sei hilabetetan bukatu nahi dituzte, hau da, martxoan.

Obraren datuak
Igogailuak sarrera gaur egun Karabeletik apeaderora oinezkoak pasatzeko dagoen zubi txikiaren ondoan izango du; hau da, egun dagoen pasealekuan, Karabel aldera joanaz. Irteera, aldiz, haur parkearen ondoan izango du, Zinkoenea aldera. Sarreran sarbide txiki bat egingo zaio. Bertan, eserlekuak eta bizikletentzako aparkalekuak egingo dira. Orain dagoen pasealekua konpondu egingo dute eta bidegorria jarriko dute bertan. Goialdean, komun publikoak jarriko dira, igogailuko irteeraren alboan. Garbitzaileentzako gelatxo bat ere izango da bertan.

Igogailuaren ezaugarriak
Igogailuaren oinarria ormigoizkoa izango da. Hala ere, kanpoaldetik itxura dotorea izango du, kristal urdinez inguratua jarriko baitute. Gainera, panoramikoa izango da eta igo edo jaisterakoan herriko bistak ikusi ahal izango dira. Igogailuan guztira 20 pertsona inguru sartu ahal izango dira aldi bakoitzeko. Bizikleta igo edo jaisteko aukera ere izango da, nahiz eta oinezkoek lehentasuna izango duten. Igogailuak irteeran 24 metro inguruko igarobidea izango du, espaloiarekin batuko duena. Igarobidea harri gris ilunekin apainduko dute. Bestalde, trenbidearen azpitik pasatzen diren Karabelgo zubia eta Portuko zubia ere berrituko dituzte. Bietan egingo diren obretan, gaur egun oinezkoek igarotzeko dituzten zailtasunak izango dituzte kontuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!