Garai bateko kontuak egunkarietatik jasoak Eulali Aranbururen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 6a, 02:00

PRENTSAN argitaratutakoari erreparatzea izan leike herri baten historia ezagutzeko modua. Dena jasotzen ez bada ere, hor azaltzen dira behinik behin, herri baten zertzeladak: pertsona, gertaera, data eta leku ezagunak, edo ez hain ezagunak, une batean edo bestean zeresana eman zutenak. Horregatik agian, memoria historikoa jasotzeko modu ederra da.

Non-zer harrapatuko
Horregatik agian, bada jendea egunkarietako atalak gordetzea gustuko duena. Horietako bat da Eulali Aranburu. Eulali, Hernani kuttuna izaki, herriari buruzko non-zer harrapatuko ibili da eta dabil, eta horregatik, duela urte asko egunkarietako berri eta kronikak jasotzen hasi zen, ia den-denak Hernaniri buruzkoak. Kronikari aitortu dionez, horiez gain, herriari buruzko harrapatzen duen guztia jaso izan du eta jasotzen du gaur egun ere: egitarauak, kantuak... den-dena.

1984-1994ko berriak txukun-txukun jarriak
Orduko berri eta kronikak jasotzeaz gain, txukun-txukun sailkatu ditu denak, bildumetan, kronologikoki eta gaika sailkatuta. 1984-1994 urte bitarteko kontuak ditu jasoak besteak beste, ondo pegatuak eta data bazterrean dutela.

Bestelako gaiak eta erremontea
Bilduma batzuk Hernaniri buruzko informazio orokorra jasotzen dute: dela kirola, dela politika, dela bestelako gertaera... Eta beste bilduma batzuk, bereziki estimatzen duen kirol baten berri jasotzen dute: erremontea.

Eulali Aranburu: «Hernaniko Kronikak ere oso-osorik gordetzen ditut, orain arteko denak ditut»
LIMOI baserrian jaioa eta Agerre baserrian hazia, ia bere bizitza osoa Hernanin eman du, bizitzen, irakasten eta bazterrak miatzen, non-zer harrapatuko. Betiko joera izan duen arren, batez ere, Galarreta frontoira joaten hasi zenean hasi omen zen serio, «lehengusua erremontean aritzen baitzen, eta semea ere ibili zen». Aspaldi hasia izan arren, jubilatu ondoren erabaki zuen denak txukun-txukun jartzea, «bildumak egiten, ordenatzen, datak jartzen eta abar». Guztira 13 bilduma ditu, 8 orokorrak, «orduan ez baitzen hainbeste Kronikarik» eta 5 erremonteari buruzkoak. Iturriak berriz, harrapatzen zituen guztiak, «La Voz de España, Unidad, Diario Vasco, Egin eta beste egunkariak. Noticias de Gipuzkoa, Egunkaria... gero etorri zaizkit».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!