Kooperante moduan joatea ez da bat bateko erabakia izango. Noiztik ari zara ekintza hauetan lanean?
Beti egon izan naiz gazteekin eta haurrekin katekista moduan, edo denbora libreko taldeetan. Kooperazio eta solidaritate munduan beti ibili izan naiz, eta kasu honetan ez beti gazteekin. Etxerik ez dutenei laguntzen, injustiziaren aurkako mugimenduetan ibili izan naiz. Orain medikuntza ikaslea naizenez, udan denbora librea dudala kontuan izanda, aukera hau dut eta Haitira noa. Injustiziaren kontra lan egiten dut.
Nondik datorkizu kooperante izatearen ideia hori? Nola sortu zitzaizun aukera? Kasualitatez, azken urteetan parrokian sartuta ibili naiz eta aukera sortu zitzaidan. Email bat iritsi zitzaidan hilabete bateko lanaldiak zeudela esaten, eta apuntatu egin nintzen.
Zergatik Haiti?
Ez dut nik aukeratu, medikuntzako ikaslea naiz eta hara bidali naute. Mediku beharra dago eta nik laguntza eman dezaket han. Beste leku batzuetara ere joan dira, Chiapas eta Ecuador aldera esaterako.
Zein da gaur egun hango egoera?
Latinoamerikako herrialde pobreenetariko bat dela badakit, nahiz eta ez dudan hango informazio askorik. Badakit oinarrizko elikadura produktuak asko igo direla prezioz eta oso egoera larriak sortu direla. Janaria lortzeko arazo ugari dituzte eta dauden gatazka asko horren ondorio dira. Orain buztinez edo lurrez egindako gaileta batzuk ari dira saltzen gosea nolabait asetzeko. Afrikako herrialde pobreen antzera bizi dira. Biztanleria azalez nahiko beltza da, Afrikako esklabuen oinordekoak baitira. Frantsesa hitz egiten dute nahiz eta baduten berezko hizkuntza bat ere.
Noiz iritsiko zara hara? Eta zenbat denborarako zoaz?
Hemendik Santo Domingora joango gara eta handik Haitira kotxez, beraz iristen egun eta piko egingo ditugu. Guztira han hilabete bat pasako dut.
ONG antzeko talde batekin zoaz ezta?
Berez plataforma bat da eta bertan ONG ezberdinak daude: Manos Unidas, Caritas, Misiones Diocesanas. Guztira bi goaz, ni hernaniarra eta bestea Bittor, ordiziar bat. Estantzia beraiek pagatzen didate, erlijiosa batzuen etxean egongo naiz. Bidaia nire kontura geratu da. Beraz, neronek ordaindu behar izan dut. Azoka txiki bat jarri nuen, Inmaculadako guraso elkarteak ere laguntza eman dit eta jendea ere oso eskuzabala da, eskerrak eman nahi dizkiet denei. Azkenean nahiko diru atera dut; baita sobran ere (barre artean).
Haiti berez turismoagatik da ezaguna, zuk zer aurkituko duzu han?
Batez ere turismoagatik da ezaguna, baina baita azken aldian dituzten gatazkengatik ere. Hala ere, nik herri txiki bat aurkituko dudala uste dut, turistikoki esplotatutako zona batzuk bakarrik izango dituena. Haiti Dominikar Errepublikan dago, Santo Domingo ondoan. Caribeko lurraldea delako da ezaguna.
Zein izango da zure betebeharra? Medikuntzako ikasketekin zer ikusirik izango al du?
Oraindik ez dakit asko. Badakit erlijiosa batzuekin egongo garela nutrizio zentro batean. 0-5 urte bitarteko umeekin ariko gara. Laborategi bat eta mediku kontsulta txiki bat. Haurrekin egon beharko dudala uste dut, egin baino gehiago ikusi, beraiekin egon, dituzten arazoetaz jabetu eta batez ere konpainia egin. Ez dut lan ordurik edukiko, beharraren arabera egingo dut lan.
Aldez aurretik ikastarorik jaso al duzu nola moldatu jakiteko?
Kurtso bat egin genuen kooperazioari buruz, giza eskubideak zer diren, nola ibili behar den horrelako herrialde batean, hegoaldeko herrialdeetan. Formazio pixkat izan dugu eta joateko prest gaudela esan daiteke. Plataformak eman digu formazioa, kooperante joaten garen guztiontzako beharrezkoa da, zoazen lekura joanda ere. Formazioa, bi hilabetez jaso dugu, larunbatetan.
Zure burua arriskuan iku al duzu hansten?
Beldurrik ez daukat. Agian betiko beldur hori bai, baina ez Haitira noalako, baizik eta zerbait berria egitera noalako. Hango egoerak ez dit beldurrik ematen, agian joateko dudan gogoak badu zer ikusirik. Gainera, erlijiosen kontrako erasoak ere ez dut uste izaten direnik; lan asko egiten dute eta lurralde horretan dagoen gauza bakarra da, laguntzen duen gauza bakarra; beraz, zaindu egiten dituzte.
Esperientzia moduan zertan izango da onuragarri?
Ikasitakoa praktikan jarri ahal izatea izango da onuragarrienetarikoa batez ere. Bakoitzak gure lekuan, nik medikuntzan injustizien aurka lan egiten. Errealitatea ezagutzea, aurpegia jartzea eta ikusten duzunaren aurrean lan egiten jarraitzea. Hemen lana egiten dut eta han egotea esperientzia bat gehiago izango da. Esaten dizuten guztia pertsonalki ikusteko aukera izango dut, beste kultura bat ezagutu... arlo profesionalaz gain, pertsonalki ere hango esperientziarekin asko irabaziko dut.