OSTEGUNEAN, uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatuko dute, urteroko moduan, Santa Barbaran. Jai eguna Santa Barbarako tontorrean ospatzen da eta Morkaiko taldeak antolatzen du Udaletxearen laguntzarekin. Santa Barbarara egun horretan hurbiltzen diren guztiek ekitaldi ugari izango dituzte San Inazio eguna behar bezala ospatu ahal izateko. Festa egunari trikitilariek emango diote hasiera goizeko 10:30etan. Ondorengo bi ekitaldiak omenaldiak izango dira, alde batetik, goizeko 11:00etan, Indiori egingo zaio omenaldia eta ondoren, 11:45etan Indio eta Atarrabiyoren txanda izango da. Eguerdian, 12:10etan, tradizioa bihurtu den meza izango da Santa Barbarako ermitan.
Bertsolariak, herri kirolak eta herri bazkaria
Festa gehienetan izaten den moduan, Santa Barbarako San Inazio egunean ere ez dira faltako bertsolariak, herri kirolak eta herri bazkaria. Bertsolariak meza ondoren hasiko dira, eguerdiko 12:45etan. Aurten ere, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien artean, Antton Garin bertsolaria izango da, aurten 30. aldiz jarraian Santa Barbaran izango dena. Garinek 1978tik ez du hutsik egin San Inaziotan. Ordu laurden beranduago, 13:00etan, herri kirolen txanda izango da. Bost proba antolatu dituzte guztira. Lehenengoan aizkoran arituko dira bi taldetan banatuta. Lehenengo taldean Paolla eta Aitor Barrenetxea arituko dira eta bestean Larra eta Larrabide. Bigarren proba trontza tik etorritako bi neska arituko dira, bakoitza talde batean. Ondoren, Suharri eta Josu Iradi izango dira harri jasotzen. Laugarren proban, txingan, Ander Barrenetxearen eta Aitor Atxegaren artean izango da norgehiagoka. Herri kirolak ingude probarekin amaituko dira eta lehia bi emakumezkoen artean izango da, Izaskun alde batetik eta Ane bestetik. Herri kirolen ondoren, bazkari herrikoiaren txanda izango da eta menu ederra izango dute, urteroko moduan, aurten ere bazkaltzera bilduko direnek. Hasteko marmitakoa izango da, bigarren txuleta ederra jango dute eta bazkariaren amaierarako Adarragako tarta goxoa izango dute.
Arratsaldean toka, erromeria eta haurren jokoak
Bazkalostean, 16:30etan lagunarteko toka txapelketa jokatuko dute. Ondoren, musikaz gozatzeko aukera izango da Xabier Solano eta Juan Mari Beasainen erromeriarekin. Haurrek ere festetan ondo pasatzeko aukera izango dute, 17:30etan haur jokoak eta txokolatada izango baitituzte. Jai eguna amaitzeko arratsaldeko 19:00etan herrira jaitsiera egingo dute.