ARANO eta Astigarragako Santio jaiek azken eguna izan zuten atzo. Batean zein bestean giro ederrarekin pasa dituzte jaiak, izan ere, eguraldiak lagunduta, kalean egin beharreko ekitaldi guztiak nahi bezala egin dira. Herriko zein inguruko herrietako jendea ere ez da falta izan aurtengo Santioetan.
Betizu jana Astigarragan
Parrandan eta festan pasatako egunen ondoren, indarrak berreskuratzeko bazkari ederra egin zuten atzo. Astigar elkarteak antolatuta, betizu bat erre zuten Foru plazan eta bazkaritara gerturatu ziren 200 lagunen artean oso-osorik jan zuten. Iluntzean Trakets-en dantzaldiarekin eta txosna gunean egindako agurrarekin eman zieten amaiera aurtengo Santioei.
Aranon umeen eguna atzo
Umeen eguna izan zen atzo Aranon eta txikienek aukera ederra izan zuten Gorritiren show-arekin eta txokolatadarekin gozatzeko. Iluntzean Maider Ansa mikrofonoan, Tximeleta taldeak girotu zituen jaia agurtu aurreko orduak. Bestalde, larunbateko tortilla patata lehiaketa Inaxi Zabalak irabazi zuen.