Antton Adarragaren heriotzak askori hutsune handia utzi digu, baina aldi berean baita bera ezagutzea ohore itzela izanaren sentipena ere. Gozogilea lanbidez, makina bat une zail goxatuz gauza asko erakutsi dizkigu urtetan, umiltasunez eta batere nabarmendu gabe, eta halaxe hil da. Hori horrela eta lerro asko beharko genituzkeen arren merezi dituenak esateko, laburrean esango dut: bere alboan ondo asko ikas zenezakeen adiskidetasuna, maitasuna, elkartasuna, eskuzabaltasuna, konpromisoa edo duintasuna bezalako hitzen zentzua, bere bizimoduan egunerokoak ziren eta. Horregatik Antton, zuk nabarmentzea gustatu ez eta oharkabean pasatzea nahiago bazenuen ere, utzi zuk emandakoaren parte txiki bat itzultzen eskerrak emanez, une honetan sentitzen dugun tristurak galdu dugunaren garrantzia begietako malkoetara ekarri duen honetan. Mila esker Antton, guztiagatik, beti izango duzu txoko bat herriko askoren bihotzean, nirean zer esanik ez. Zu bai herria egiteko premiazko horietakoa!. Marian Beitialarrangoitia