LOKALAK etxebizitza bihurtzeko ordenantza onartu zen, herenegun, plenoan. Ordenantza ez zegoen gai ordenean, baina momentuan bozkatzea erabaki zuten, aurkeztutako alegazio guztiak aztertu baitzituzten aurretik Hirigintza batzordean. Ordenantza oporren aurretik onartu zitekeenez, bozkatzea erabaki zen. Ordenantza oposizioaren aldeko botoarekin onartu zen. Bestalde taberna, kafetegi, elkarte eta antzeko jardueren kokapena arautzen duen ordenantzari ere hasierako onarpena eman zitzaion, Gobernu taldearen, PSE-EEren, EAJren, EBren eta PPren aldeko botoekin. EA abstenitu egin zen. Ordenantza hau erakusketa publikoan jarriko dute orain eta alegazioak egiteko aukera izango da.
Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin hitzarmenak
Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen bat ere onartu zen. Hitzarmen honen arabera, Txantxillan egingo diren babes ofizialeko etxebizitzetatik batzuk, Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko lituzke Udalak. Zehazki, alokairuan jarriko liratekeen 28 etxebizitza. Horrekin batera, Udalak konpromezua hartuko luke, Antziolan, Atletismo pista, ingurun etxebizitza dotazionalak edo zuzkidura alojamenduak egiteko. Etxebizitza hauek, publikoak izango lirateke, eta alokairuan jartzekoak. Hitzarmenaren alde Gobernu taldea, EAJk eta EBk bozkatu zuten; PSE-EEk kontra bozkatu zuen; eta EA eta PP abstenitu egin ziren. Karabelgo zubiaren inguruan Diputazioarekin egindako hitzarmena ere onartu zen, aho batez. Kontua da, Diputazioak Karabelgo zubiaren inguruko eskumena eman ziola Udalari, baina zubian zenbait obra egin behar dira egokitu eta txukuntzeko. Udalak lan horiek egiteko diru laguntza hitzartu du Diputazioarekin.
Arau Subsidiarioa berridazteko metodologia
Arau Subsidiarioa berridazteko metodologiak ere onarpena jaso zuen Plenoan, Gobernu taldeak, EAJk eta EBk alde bozkatu baitzuten.