Aranon txakolina bertako mahatsarekin egingo zuela esan eta batek baino gehiagok «ixilik egon hai!» esan omen zion Joxe Antonio Legarretari. Harrituko lirateke probatuko balute, ez baitu Aranoko txakolinak Getari edo Zarautzekoaren enbidiarik. Aranotik ere itsasoa ikusten da, Getari eta Zarautzen bezala, eta baliteke kresalak mahatsari bere puntua ematen laguntzea.
Nolatan hasi zinen
txakolina egiten?
Laneko koadrilan hasi zen dena, katxondeoan. «Nik egingo dit ba mahatsa Aranon!», «Ez diu hori ikusiko!». Txorakeritan hasi ginen eta begira noraino ailegatu den. Terrenoa baneukan, eta proba egin behar nuela pentsatu nuen, eta hala hasi zen dena.
Lan haundia ematen al du?
Badu bere lana. Urtean zortzi hilabetetan kaso egin behar izaten zaio mahatsari. Martxoan hasi behar da: kimatu, sulfatoa bota.... iraila arte. Lehengo urtean eta aurten ez da izan mahatsik, lainoarengatik. Oso eguraldi txarrak egin ditu. Mahatsak behar izaten du martxoa eta apirilean eguraldi ona egitea, eta horietan txarra bada, lorea ateratzen ez dio uzten. Getarin hemen bezala lainoa izango balitz, ez litzateke mahatsa egingo.
Irailean mahatsa bildu eta tolaretik pasa behar da. Tolare txiki bat eginda daukat, txakolinarentzat. Irailean kupelan sartu, eta gero horrek egiten du irakin, sagardoak bezala. gero segregatu egiten da, kupel batetik bestera pasa, finago ateratzeko. San Sebastian eguna bitartean kupelan izan behar da, eta orduan badaukazu edaten hastea.
Ze mahats klase
erabiltzen duzu?
Mahats hau da hondarribi txuri, Igeldotik ekarritako eskejeak (adaskak) dira, duela 8 urte jarri nituen. Orain dauden gazte horiek 2 urte daramazkite, eta datorren urtean hasiko dira ematen. Horiek azkarrago hasten dira ematen, txertatuta etortzen dira-ta. Mahatsak gutxienekoan, 3 urte behar ditu; eta eskejeak 6 bat.
Noiz egin zenuen azken
txakolina? Nolakoa atera zen?
Duela bi urte egin nuen txakolina azkeneko aldiz. 200 bat litro egin nituen, etxerako. Oraingo sail guzti hau jarri ezkero, 300 bat litro baino gehiago emango lituzke. Bi barrika txikitan izan zen txakolina, biak igoal-igoal zaindutakoak dira, igoal mimatuak, baina diferenteak atera ziren.
Txakolina irakiten hasi, eta hortik aurrera ez dut ezer ere egin. Enologoek, motela badago bizitzeko eta bizia baldin badago moteltzeko, egiten dizkiote gauzak, baina txakolin hau da natural-naturala. Txakolin hau horrela atera da. Lehenago ere horrela egiten zen. Duela 30 urte, Zumaian eta inguruan ibiltzen ginen, eta txakolina gurea bezalakoa edo fuerteagoa egiten zen. Orain egiten den txakolina, nahi bezalakoa egiten da: suabeagoa jendeak gehixeago edateko edo goxoxeagoa... nahi duten txakolina egiten dute.