Aranoko jaiei hasiera ofiziala eman zieten atzo, eta gaur Santio Eguna eta jai eguna izaki, jende dexente bilduko da herrian. Egitaraua ere aproposa prestatu duten egun pasa ederra egiteko. Goizean, 10:00etan, Hernaniko dultzainajoleak esnatuko dute herria. Ondoren, 11:00etan, Santiotako meza izango da. Eguerdiko 12:00etan, Arano eta Goizueta arteko ohiko desafioa izango da, ziztangilak zapoen kontra. Arano Gaskon eta Legarretak defendituko dute eta Goizueta Zabaleta eta Apezetxeak. Gaur eguerdian Santio eguna izaki, familiak mahaiaren bueltan elkartuko dira elkarrekin bazkaltzeko. Arratsaldean, bazkalostean, herri kirol saioak emango dio jarraipena jaiari. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Donato Larretxea eta bere semea, Ohian Larretxea ariko dira aizkoran Floren Nazabal eta Ruben Saralegiren kontra. Miel Saralegik ere erakustaldia egingo du harri jasotzen. Arratsaldeko 19:30etan, bertso saioa izango da, Julio Soto, Jexux Mari Irazu, Igor Elorza eta Iker Zubeldiarekin. Afalostean Azpeitiako Saioa eta Alabierrek dantzarako giroa jarriko dute, goizaldera arte.
Bihar, jubilatuen eguna
Bihar San Joakin eta Santa Ana Eguna ospatuko da Aranon, jubilatuen eguna. Jaia Hernaniko dultzainajoleekin hasiko da goizeko 10:00etan, eta 11:00etan, meza izango da.
Eguerdian, herriko janari eta edari goxoenekin postuak jarriko dituzte frontoian. Gazta, sagardoa, tartak, barazkiak, ogia eta etxeko jaki goxoenak dastatzeko aukera izango da. Herriko artisauak ere izango dira beren lanak erakusten.
12:30etan patata tortila lehiaketa antolatu dute. Iaz jende mordoxka animatu zen eta aurten ere lehia estua espero da.
Bazkalaurretik lore eskaintza egingo zaie herriko jubilatuei eta denak elkarrekin bazkaltzera joango dira gero, Kontzeju tabernara.
Arratsalderako bertso saioa antolatu dute, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano bertsolariekin.
Arratsaldean zehar, Jexux-en Jazzbanaren doinuek girotuko dute herria. 17:30ak aldera herriko pelota eta pala txapelketetako finalak jokatuko dira. Txapelketa azken hilabetean jokatu da herrian eta honakoak dira finalera iritsi direnak: neskak palaz, Maitane-Maitane/Amaia-Edurne; palaz mutilak, Iñaki-Iñaki/Eñaut-Mañel; eskuz mutilak (buruz buru eta 4 1/2an) Gorka/Joxe Angel.
Gaueko 22:00etan, ohiko oilasko jatea izango da San Roke elkartean, eta saldu diren txartelak ikusita, gutxi gora behera 100 bat lagun bilduko dira afaritarako.
Gauean, Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia izango da. Goizaldean, baratzuri zopa prestatuko dute goiztiarrentzat.
Igandea umeentzako
jai eguna
Igandean, jaietako azken egunean Hernaniko dultzainajoleen eskutik diana izango da, eta goizeko 11:00etan meza. Eguerdiko 12:30etan Goizueta eta Arano arteko desafioa izango da pelotan, baina oraingoan gaztetxoen txanda izango da. Aranotik Manterola eta Elorza izango dira; eta Goizuetatik, Arozena eta Apezetxea.
Arratsaldean, txokolatada izango da eta ondoren, haurrek hain estimatua duten Gorritiren Show-a. Gorritik urteak daramazki Aranora joaten, bere poni, txerri, oilar eta bestelako animaliekin.
Iluntzean parrillada antolatu du Aranoko jai batzordeak. Parrilan, xolomo, txorizo eta hirugiharra erreko dituzte, eta sagardoa eta ardoa ere izango dira aukeran. Animatzen denak momentuan txartelak erosi eta razio edo pintxoak eskura ditzake.
Parriladaren ostean, Tximeleta taldeak dantzarako giroa jarriko du Aranon. Gainera taldeko abeslaria, Maider Ansa, bertakoa izanda, jendea gerturatuko dela espero da.