Berezia al da taldearentzat
txupinazoa botatzea?
Egia esan guk bota behar genuela esan zigutenean, sorpresa izan zen guretzat. Duela bi urte ere bota genuen jai hasierako txupinazoa, Mundarro kirol elkarteak 25 urte bete zituenean, eta uste genuen denbora baterako eginda geundela. Kontua da aurten nahiko lorpen garrantzitsuak lortu ditugula: alde batetik, saskibaloiko nesken taldea Lehen Mailako Nazionalera igo da, hau da, maila profesionala kontuan hartuta, hirugarren maila izango litzateke, futboleko 2.Bren parekoa; futbolean, mutilen taldea Gorengo Mailara igo da aurtengo denboraldian. Datorren urtean beraz Astigarraga eta Hernaniren arteko derbia izango da, gainera Astigarragan badaude Hernaniko jokalariak.
Nondik nora sortu zen
Mundarro taldea?
Futbol taldearekin hasi zen, 1982an. Txapelketa bat jokatu zen garai hartan eta taldea osatu zen. Hondartzako txapelketetan eta Atsegindegin ere jokatzen zuen taldeak. Jokalariak federatu egin ziren, eta konturatzerako, talde eta elkarte osoa sortu zen. Hortik aurrera kirolari gehiago animatu ziren eta saskibaloi taldea osatu zen eta gero neskak etorri ziren. Duela 6 bat urte herrian zehar taldearen refundazio moduko bat egin zen, Udalak sustatuta. Herriko kirol talde guztiak Mundarron sartu ziren, eta horren segida izan zen Mundarrok herriko kirol instalazioak kudeatzea. Udalak prozesu guzti honekin nahi izan zuen kirol kontuetan talde bakarrarekin harremanak izatea eta talde hori talde sendoa izatea.
Zenbat kirol ezberdin biltzen ditu Mundarrok gaur egun, eta zenbat kirolari daude elkartean?
Saskibaloian hiru talde daude: gizonezko eta emakumezko seniorrak eta juniorrak. Saskibaloi eskola ere badago. Pelotan, alebinetatik hasi eta senior maila bitartean, kategoria guztiak biltzen dira. Futbolean ere, preferentea, jubenila, 2 kadete talde, infantilak, alebinak eta futbol eskola dauzkagu. Xakeko bi talde ere badaude. Guztira 200 bat fitxa izango dira.
Santio jaietako egitarauan ere
antolatu dituzue ekitaldi ezberdinak ezta?
Bai, aurten 28garren urtez areto futbol txapelketa antolatu dugu. Saskibaloian, 3X3 txapelketa ere antolatu dugu, gaur jokatuko da goizeko 10:00etan hasita. Gaur goizean izango den txirrindularitza proban ere lagunduko dugu.
Zer esango zeniokete jendeari Astigarragako jaietara
gerturatzeko. Zein egunetan
izango da giroa?
Toki guztietan bezala, gustoen arabera eta adinaren arabera ekitaldi bat edo beste izaten da. Santa Ana egunean goizean giroa izaten da, herri kirolak izaten dira eta sagardo dastaketa, ekitaldi hauen bueltan jende asko biltzen da. Egun horretan koadrilako bazkariak izaten dira eta giro polita izaten da. Bestalde, gaur Santio Egunean, familiako bazkariak eta horrelakoak izaten dira.