Jaiak indartsu hasi dira Astigarragan, eta igandera arte izango da aukera jai giroan murgiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 25a, 02:00

Aasteazken arratsaldean udaletxeko balkoitik suziria botata hasi ziren Astigarragako Santio Jaiak. Mundarro Kirol Elkarteko kideak izan dira jaiei hasiera emateko arduradunak, izan ere, aurtengoan lorpen garrantzitsuak izan dituzte, bai saskibaloian eta baita futbolean ere. Herriko kirola sasoi betean bada ere, jai giroan eta parrandan murgiltzeko egunak izango dira igandera bitartekoak eta egitaraua ikusita izango da non gozatua.

Gaur Santio Eguna
Gaur egun haundia izango da Astigarragan, Santio Eguna izaki familiek elkarrekin bazkalduko dute eta koadrilak ere bilduko dira elkarrekin pote bat hartzeko. Goiza aulki jokoa, txokolate jana eta dianarekin hasiko dute eta goizeko 11:00etan Santiagomendiko ermitan meza izango da. Eguerdian haurrentzako txirrindularitza proba antolatu dute, 6-11 bitarteko haurrentzat. Izena momentuan eman daiteke, goizeko 10:30etatik 11:00etara, Joseba Barandiaran plazan. Bazkalondorenean, musika, bertso eta ikuskizunen txanda izango da. Arratsaldeko 18:00etan, Astigar dantza taldearen erakustaldia izango da eta ordu bete beranduago, batukada saioa izango da, kultur etxeko dantza afro-brasildarreko ikasleen parte hartzearekin. Txosna gunean ere izango da jai giroa gaurkoan, Gazte Asanbladak antolatuta bertso desafioa izango baita, 20:00etan hasita. Gauean, Emon eta Garagardo gura taldeen kontzertua izango da. 23:30etan ohitura den Larrain dantza herrikoia dantzatuko dute eta segidan Erdizka Lautan eta Pantxoa eta Pello-rekin dantzaldia izango da.

Bihar Santa Ana eguna
Egun haundia izango da bihar Astigarragako jaietan, Santa Ana egunaren bueltan jende ugari bilduko baita, eguerdi eta arratsalde partean batez ere. Eguerdiko 11:30etan hasita, Foru plazan, sagardo dastaketa, Ezpeletako artisauen erakustaldia eta idi dema izango dira. Jarraian Ezpeletarrei ohorezko ekitaldia egingo zaie. Bazkari herrikoiaren ostean, herri kirol jaialdia, lotu gabeko zezen boladuen ikuskizuna eta Ezpeletako haur kantariarekin gozatu ahal izango da. Gazte Asanbladak antolatuta Zpeiz Mukaki Iparraldeko txaranga alaiarekin kalejira izango da, 18:00etan hasita, eta gaueko 23:00etan Kupela taldearen emanaldia. Jarraian DJ Bullek musika jarriko du txosna gunea girotzeko.

Festa egitaraua: www.astigarraga.net

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!