Xabat Otxotorena Ordiziako Klasikan izango da gaur, froga gogor eta malkartsuan

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 25a, 02:00

Xabat Otxotorena txirrindulari hernaniarra Ordiziako Klasikan izango da gaur. Portugaleko Torres Bedras Sarian eta Espainiako Txapelketan parte hartu ondoren, hemendik aurrerako lasterketak etxetik gertu izango ditu: gaur Ordizian izango da, uztailaren 31n Getxon eta abuztuaren 3an Urkiolako Igoeran hartuko du parte. Ordiziako Klasika egun bakarreko froga da, guztira 165,7 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek eta bost aldiz igo beharko dute Abaltzisketako gaina. Lasterketa nola ikusten duen galdetuta, Xabatek azaldu du gogorra izaten dela, eta zaila izaten dela gertatuko dena aurreikustea. Datorren ostegunean, korrituko duen Getxoko zirkuitoari buruz dio, egokiagoa dela berarentzako: «lasterketa hau aproposagoa da neretzako, batez ere ibilbide aldetik. Iaz laugarren postua eskuratu nuen». Lasterketetako postuak Xabat Otxotorenak otsailan denboraldia hasi zenetik karrera dexentetan hartu du parte eta horietako batzuetan aurrenekoen artean egotea lortu du. Murtziako Itzulian 4garren izan zen etapa batean; eta Almeriako Klasikan 14garren izan zen. Maiatzean Portugaleko G.P. Paredes Rotas Dos Movéis lasterketan izan zen eta etapa batean 9garren postua eskuratu zuen. Portugaleko Torres Bedras Sarian ere etapa batean 10garren izan zen.

Neurria hartzen
Xabat Otxotorenak Kronikari azaldutakoaren arabera, denboraldiari neurria hartzen dabil: «aurten ez dut nere puntu ona aurkitzen. Gauzak beti bezala egiten ditudanaren sentsazioa dut, baina emaitzak ez dira nahi bezala etortzen». Aipatu duenez, iazko denboraldian erregularragoa izan zen eta aurten baino postu dexente gehiago lortu zituen. Hala ere, ilusioari eusten dio txirrindulari hernaniarrak eta denboraldia bukatzeko geratzen zaizkion lasterketetan puntu hori berreskuratzen saiatuko da.

Extremadura taldean gustora
Txirridularia Extremadurako taldean dabil, aurten lehenengo aldiz. Taldean gustora dabilela azaldu du, nahiz eta denboraldi hasieran azaldu bezala, diru iturriekin arazoak izan: «bigarren babesle bat lortzeko arazoak izan ditugu, eta hainbat txirrindularien artean kooperatiba sortuta, osatu dugu taldea aurrera ateratzeko falta den dirua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!