IRAILEAN mugikortasun astea izango da herrian, hilaren 16an hasi eta 22a bitartean. Irailaren 16an, lehenengo egunean, Hernani eta mugikortasuna izeneko hitzaldia egongo da Biterin. Irailaren 17an, arratsaldean, ipuin kontaketa izango da umeentzat eta ondoren Hernaniri begirada bat izeneko dokumentala. Irailaren 18an bi kale antzerki izango dira, bata Urbieta kalean eta bestea Plaza Berrin. Ondoren, Automobilak eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa izango da Biterin. Ikastarorako izen ematea aldez aurretik egin beharko da, ikasle kopurua mugatua baita. Irailaren 20an, goizean, Hernanin patinez deitutako ekitaldia izango da. Lehendabizi ibilbidea patinez deitutako ekitaldia izango da eta ondoren ginkana patinez deitutakoa, azken hau atletismo pista inguruan. Amaitzean hamaiketakoa egingo dute. Irailaren 21ean Hernani bizikletaz eguna izango da. Irteera goizean egingo da Gudarien plazatik eta amaitzean hamaiketakoa egingo dute, baita ere. Irailaren 22an, azkeneko egunean, arratsaldean haurrentzako jolasak izango dira Urbieta kalean. Ondorioz, bi ordutan trafikoa itxi egingo da. Ondoren, mugikortasun astean zehar antolatutako argazki lehiaketako sari banaketa egingo da, Udaetxean.
Argazki lehiaketa
Mugikortasun astearen barruan argazki lehiaketa antolatuko dute herritarren kontzientzia areagotu nahian. Gaia Hernaniko mugikortasunaren eta irisgarritasunaren alde positiboa eta negatiboa erakustea izango da.
Parte hartzaileen artean bi maila izango dira. Alde batetik gazteak, 14 urte artekoak eta bestetik helduak, 15 urtetik aurrerakoak.
Lehiaketan argazki digitalak bakarrik onartuko dira eta partehartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu.
Saria, helduen mailan argazki materiala erosteko 200 euroko bonoa izango da eta gazteen mailan 100 euroko bonoa. Epaimahaia Ingurumeneko teknikari batek eta argazkilari profesional batek osatuko dute.
Lanak irailaren 5a arte aurkeztu ahal izango dira Udaletxeko erregistroan eta sari banaketa Udaletxean bertan egingo da irailaren 22an.