PLENOA izango da gaur udaletxean. Beste gai batzuen artean Arau Subsidiarioak berridazteko metodologiaz eztabaidatuko da. Arau Subsidiarioak herria nola antolatu azaltzen dute: zenbat etxe egingo diren eta non, ikastetxe berririk egongo den, industria guneak non kokatuko diren, eta abar. Udalak Arau Subsidiaroak idatzi eta Diputazioan aurkeztu zituen, erakunde honi baitagokio arauak onartzea. Diputazioak zenbait fitxa atzera bota zituen. Udalak arauak berriro idatzi behar ditu orain. Horrekin batera, Udalak aurkeztutako hainbat alegazioei buruz hitz egingo da, Foru Aldundiak hondakinen azpiegituren inguruan atera duen plan sektorialari aurkeztutakoak, batetik; eta erakunde berak ateratako Hiri Hondakinen Plan Orokorrari aurkeztutakoak, bestetik. Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen bat ere badago gai ordenean. Hitzarmenaren bidez, Txantxillan egingo diren babes ofizialeko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak zozketatuko lituzke, eta horrez gain, Antziolan, Atletismo pista inguruan, Eusko Jaurlaritzari aukera ematen litzaioke hainbat etxebizitza egiteko. Etxebizitza hauek dotazionalak edo zuzkidura alojamenduak izango lirateke: publikoak, alokairuzkoak, eta beharra duten sektoreei zuzendatuakoak (gazteak, edadetuak...).
Beste hainbat gai.
Beste puntu batean, Karabelgo zubiaren inguruan Diputazioarekin egindako hitzarmenaz eztabaidatuko da. Izan ere, Diputazioak Udalari zubi honen eskumena eman zion. Udalak Diputazioari adierazi zion zubia egoera kaxkarrean zegoela, eta orain Diputazioak Udalari dirulaguntza ematea hitzartu da, Udalak zubia konpontzeko.
Tabernak, kafetegiak, okindegiak, elkarteak eta horrelako jardueren kokapena arautzeko ordenantza ere aztertuko da.
Plenoa, gaur arratsaldeko 18:00etan izango da, udaletxean.