EAJ-PNV-k prentsa ohar baten bidez adierazi du Gobernu taldeari «ur parkeak duen arrakastak erresumina sortzen diola ». EAJk dio «Gobernu taldeari ur parkean ikusten dituen arazoen berri» bazuela hauteskunde aurretik, eta galdetu du, gobernuan daraman urte bete pasean zer egin duen arazo horiek konpontzeko. Ur parkeko gabeziak jasotzen dituen txostenaren berri herriko aldizkariaren bidez jaso izana ere salatu du EAJ-PNVk. Alderdiak dioenez, «horrek erakusten du Gobernu taldeak gardentasunez aritzeko duen interes eza».
Akatsen ikerketa
EAJk azaldu du, Gobernu taldeak ur parkearen gabezien inguruan egin duen txostenean azaltzen duela, «legeak agintzen zituen baldosak jarri zirela, baina irristatu egiten dutela». EAJk galdetu du zergatik ez duen Gobernu taldeak partida bat sartu 2008ko aurrekontuetan, ur parkeko lurra aldatzeko. Erantzuna argia dela dio: «horrela badute aurreko gobernu taldea kritikatzeko arrazoi bat, nahiz eta jendea irristatzen jarraitu».
EAJk dio, Gobernu taldeak ur parkeko zelaian, zenbati eremutan, belarra falta dela ere kritikatu duela «horrekin batean belarrezko alfonbra bat jarri behar izan dutela ere esan dute». Prentsa oharrean azaldu duenez, belarraren mantenimendu lana ez egin izana jotzen du arazo horren arrazoitzat: «negu guztian zehar ez da zelaiaren mantenimendurik egin. Urritik apirilera egin beharreko lana hilabete bakarrean egin nahi izan da».
Beste galdera bat ere planteatu du EAJk. «Gobernu taldeak eskatu al dizkio erantzunkizunak obra egin zuen enpresari?».
Azkenik, aipatu du, aurreko Gobernu taldeak ez zuela proiektu izar bakar bat izan, baizik eta proiektu asko:«ur parkea, Atsegindegi, Bidebietako kirol instalazioak, Karabel, Santa Barbara eta Elizatxo rehabilitatzea, aurreneko bidegorriak, jubilatu etxea eta inguruko obrak, eta Zaharren Egoitzako espazio berriak, besteak beste».
Honekin lotuta EAJk galdetu du ia noiz hasiko den Gobernu taldea zerbait egiten: «proiektu berriren bat (espero dugu orain 25 urte egin zuten kiroldegia bezalakoa ez izatea) edota sortzen diren arazoak konpontzen».