«Etxeko beste ume bat balitz bezala tratatzen duzu eta berak ama izango bazina bezala»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 5a, 02:00

Betidanik ekarri nahi izan al duzu ume bat?
Bai, berez senarrak betidanik ekarri nahi izan du haur bat baino adoptatuta. Horretarako zailtasun asko izaten dira eta denboraldi baterako haur bat ekartzeko aukera izan genuenez, dudarik gabe, aprobetxatzea erabaki genuen.

Nolatan sortu zitzaizun umea ekartzeko aukera?
Lehengo urtean etorri zen ume bat egoera ezberdinengatik guraso gabe geratu zen eta familia bila zebiltzanez, aurkeztea erabaki genuen. Aurretik beste familia bat ere aurkeztu zen eta umea hauen etxean geratu zen. Beraz, aurten ekartzekotan geratu ginen.

Asoziazio edo antzeko zerbaiten bidez ekartzen duzu, ezta?
Bai, Chernobilgo Lagunak du izena. Umeak ekartzen dituzten familietako kideek osatzen dute, guztira 200 familia inguru. Tramitazio, bidaia eta egin behar diren paper guztietaz arduratzen dira. Etortzen den lehen aldia dela kontuan izanda, nolakoak izan ziren umea ekarri aurreko egunak? Alde batetik urduri nengoen, guretzat zerbait berria zen baina gogo ikaragarria genuen. Ilusio handia genuen etxean denok, urte guztian zehar itxaroten ari ginen momentua zen eta azkenean iritsi zen Catherina.

Ikusi zenuen lehen aldian zer sentitu zenuen, umea bera nola ikusi zenuen?
Izugarrizko poza. Umea nahiko urduri zetorren, autobusetik jaitsi bezain laster `hau izango da zure ama` esan zion koordinatzaileak eta izugarrizko besarkada eman zidan. Oso momentu hunkigarria izan zen. Guk etorri aurretik gutun bat bidali genion nolako familia ginen azalduz, guztion izenak zekizkien, oso polita izan zen.

Nolakoak izan dira hemen daramatzan hasierako egunak?
Umeak hizkuntza berehala ikasiko zuela esan ziguten, baino hasieran ez zekien ezer. Beraz, hasierako momentu horiek nahasiak izan ziren. Hala ere, oso ondo moldatu da, hizkuntza aldetik interes handia jartzen du, gainera, badaukagu errusiera pixka bat hitz egiten duen osaba bat, eta hori beti ere, lagungarri izaten da. Bestela, oso ondo egokitu da familiara, etxeko girora.

Zer suposatzen du Chernobileko ume batentzat hemen bi hilabete pasatzeak?
Han izugarrizko kontaminazioa dute eta osasun aldetik, nahiz eta bi hilabete denbora gutxi dela iruditu, umeentzat oso onuragarria da. Hemen haize sanoa arnasten dute, kutsatu gabeko janaria jaten dute eta pasa beharreko azterketa medikuak pasatzen dituzte; txikitatik tratatu ahal izateko.

Zer moduz moldatzen da bera hemen, gurasoengandik urrun?
Hasieran gogorrago egin zitzaiola esango nuke eta normala da, 10 urte besterik ez baititu. Hala ere, azkar egokitu da. Astean bi edo hiru aldiz deitzen du etxera, eta nahiz eta guk ezer ulertu ez, pozik hitz egiten du amarekin. Kontentu dagoela uste dut.

Bere hango bizitzaz zer dakizue?
Askotan familia oso pobreetako umeak direla pentsatzen dugu, baina ez du zertan hala izan. Gurasoekin, amonarekin eta anai batekin bizi dela kontatu digu. Ikasketak oso ondo daramatzala esan digute. Askotan hitz egiten digu hango senideetaz, egiten duten lanaz eta abar.

Etxean ume gehiago badituzue, ezta?
Bai, hiru alaba. Bi txikienak 11 eta 13 urte dituzte. Beraz, adin beretsua dute. Ahizpa berri bat balitz bezala hartu dute etxean eta oso ondo moldatzen dira. Beraientzat ere esperientzia berri bat da.

Bi hilabete berehala pasatzen dira; zer suposatuko du bere egonaldiak hemen?
Niretzako besteei laguntza ematea oso garrantzitsua da. Oso pozgarria da eta are gehiago ume bat bada. Hemen gaudenontzat zorte handia da jaio garen tokian jaio izana. Ume hauek aldiz ez dute zorte berbera izan. Bi hilabete etxean edukitzeak guretzat ez du askorik suposatzen, ekonomia aldetik batez ere, eta berarentzat oso ona da. Azkenean, biok irabazten dugu. Nire asmoa, ahal izanez gero behintzat, urtero ekartzea da, hamabost urte betetzen dituen arte, hortik aurrera ezin baita.

Datorren urtean ume bat ekartzeko zalantzan daudenei zer esango zenieke?
Pertsona bezala asko betetzen dizula, azkenean etxeko beste ume bat balitz bezala tratatzen duzu eta haurrak zuri bere ama edo aita izango bazina bezala. Esperientzia oso ona da eta poztasun handia ematen dizu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!