ESPAINIAKO Igeriketa Txapelketa Tarrasan izango da abuztuaren 5etik 8ra bitartean. Bertan bi igerilari hernaniar izango dira, Mañel Aizpurua 20 urtekoa eta Olatz Altuna 25 urtekoa. Bi igerilariak Diputazioaren laguntzarekin Gipuzkoa mailan sortutako Bardulia igeriketa taldean aritzen dira.
Espainiako Txapelketa
Ez da Espainiako Txapelketan parte hartuko duten lehen aldia izango. Olatzek 18 urte zituenetik hartu du parte eta Mañelek berriz 15 urte zituenetik. Espainiako Txapelketan parte hartzeko, urtean zehar egiten diren beste probetan aldez aurretik ezarrita dagoen marka minimo bat egin behar izaten da. Hala ere, aurtengoan ere, bi igerilari hernaniarrek lortu dute marka hori egitea. Txapelketan, Olatz, 50 eta 100m libreetan arituko da lehiatzen. Mañelek, aldiz, 50, 100 eta 200m libreetan hartuko du parte. Biek podiumean postu bat lortzen saiatuko dira.
Euskadiko Txapelketa Pasa berri den asteburuan bi igerilariek Euskadiko Txapelketan hartu dute parte marka oso onak eginez. Olatzek, 50 eta 100 libreak irabazi ditu eta erreleboetan 4x100 libre, 4x50 estilo eta 4x50 libretan lehen postua lortu du; 4x100 estilotan berriz bigarren geratu da. Mañelek, bestalde, 4x100 libre, 4x50 libre eta 4x100 estilotan lehen postua lortu du, 4x200etan berriz bigarren geratu da. Etorkizunera begira, bien entrenatzailea den Jon Muruak ondo ikusten ditu «gogotsu ari dira lanean eta aurten hobekuntza nabaritu da, etorkizun ona izango dute horrela jarraituz gero».
Gipuzkoako Txapelketa
Pasa den asteburuan Gipuzkoako Txapelketan igerilari hernaniar ugari bildu ziren eta emaitza bikainak lortu zituzten. Infantiletan 50m tximeletan eta 50 libreetan Aitor Huizi eta Alazne Egiazabalek irabazi zuten; 50m tximeletan bigarren Kepa Sañudo izan zen. Juniorretan 100m bizkarrean Maitane Danboreneak bigarren egin zuen. 100 eta 50m-tan Miren Bajardi bigarren geratu zen eta 200m-tan irabazi egin zuen.