ARGAZKIRAKO afizioa duten herritarrek badute motiborik burua martxan jartzeko, izan ere, irailerako Mugikortasun Iraunkorraren aldeko astea antolatu du Udalak eta ekimen horren bueltan argazki lehiaketa ere izango da. Mugikortasun Iraunkorraren aldeko astearen lema Aire garbia denontzat izango da.
Argazki lehiaketaren gaia
Argazki lehiaketaren gaia mugikortasuna iraunkorra eta irisgarritasuna dira. Hau da, eguneroko bizitzan kotxeak sekulako presentzia duen honetan, kotxea modu arrazionalagoan erabiltzea bultzatu nahi da, ingurumenaren onerako eta denon osasunaren onerako. Horrekin batera bultzatu nahi da, garraio pribatua erabili ordez, ingurumena gehiago errespetatzen duten beste garraio mota batzuk erabiltzea. Bestalde, kaleko espazioa antolatzearen alde ere egin nahi da. Hau da, kotxeak ez diren beste garraio modu batzuei lehentasuna eman nahi zaie, esaterako, garraio publikoari, oinezkoei eta bizikletei. Gurpildun aulkiekin, haurrentzako gurdiekin, erosketarako gurdiarekin eta abarrekin ibiltzen diren herritarrak ere kontuan hartu nahi behar dira irisgarritasunari eta mugikortasunari buruz hitz egiterakoan, baita itsuak eta bestelako ezintasunak dituzten herritarak ere. Herritar guztiak kalean eroso ibiltzea ere bai baita mugikortasun iraunkorraren helburua. Gai hauek dira argazki lehiaketako parte hartzaileek beren lanetan islatu beharrekoak, irisgarritasun eta mugikortasunaren alde positiboa zein negatiboa. Argazkiak Hernanin ateratakoak izan behar dute.
Asteko gainerako ekintzak
Mugikortasun iraunkorraren aldeko astea irailaren 16tik 22ra izango da eta argazki lehiaketaz gain beste aktibitate batzuk ere izango dira: Hernaniko mugikortasunari buruzko hitzaldia, ipui kontaketa, dokumental proiekzioa, kale antzerkia, automobilak eraginkortasunez erabiltzeko ikastaroa, herrian barrena patinetan eta bizikletan ibiltzeko ibilbidea, ginkana, eta haurrentzako jolasak, besteak beste.
Argazki lehiaketaren oinarriak
• Bi maila izango dira, parte hartzaileen artean: 14 urte artekoak batetik; eta 15 urtetik aurrerakoak bestetik.
• Argazki digitalak aurkeztu ahal izango dira bakarrik. Gehienez 3 argazki partaide bakoitzeko. Formatua: gutxienez 10 X 15 cm-koak eta gehienez 30 X 30 cm-koak. CDan ere aurkeztu behar dira.
•Argazkiak eta CDa itxita dagoen gutunazalean aurkeztuko dira. Gutunazalaren kanpoaldean lehiaketaren goiburua eta barrualdean honako datu hauek jarri: izen abizenak, helbidea eta telefonoa. Udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira.
• Sariak. Helduen mailan 200 euroko bonoa argazki materiala erosteko. Gazteen mailan, 100 euroko bonoa.
• Lanak aurkezteko epea irailaren 5ean bukatuko da.
• Epaimahaia ingurumeneko teknikariak eta argazkilari profesional batek osatuko dute.
• Sari banaketa irailaren 22an izango da.
• Aurkeztutako argazkiekin irailaren 16tik 22ra bitartean erakusketa egingo da Biteri kultur etxean. www.hernani.net web gunean ere zintzilikatuko dira.