Noiztik korritzen dituzu mendi lasterketak?
Duela urtebete hasi nintzen koadrilako batekin, Mikel Legarretarekin, mendi lasterkaria bera ere. Pirineotara joan nintzen oporretara eta Boca del Infierno frogan hartu nuen parte, eta asko espero ez arren bigarren egin nuen. Ordutik hasi naiz korrika.
Orain dela gutxi hasi zara ezta? Nondik datorkizu afizioa?
Txirrindularia izan naiz afizionatu mailara arte, gazte garaietan, eta mendian ere ibiltzen nintzen lehendik, nahiz eta korrika ez. Gainera, beti ibili izan nahiz kirol munduan murgilduta, orain gorputz hezkuntzako irakaslea naiz. Mendizalea izan naiz betidanik, eta bertan hasi nin-tzen korrika.
Itxuraz, lasterketa normalek mendi lasterketek baino errazagoak edota suabegoak ematen dute, hala izaten al da?
Psikologikoki karreterakoa gogorragoa da, batik bat oso kontrolatua dagoelako zein denbora egin behar duzun. Psikologikoki oso gogorra da bi minuturo erlojuari begiratu behar izatea ondo al zoazen ikusteko. Mendi maratoia muskularki eta fisikoki gogorragoa da, baina psikikoki ez duzu oso finkatua dagoen erritmo bat jarraitu behar.
Probetan nahiko ondo zabiltzala esan digute. Boca del infierno mendi lasterketa irabazi berri duzu ezta?
Bai, igande honetan irabazi nuen Hechon, Aragoiko herri baten. 26km-ko lasterketa izan zen. Mendien zailtasuna desnibel positiboaren arabera kalkulatzen dugu, hau da, dagoen aldaparen arabera, eta honek 1.500 inguruko desnibela zuen. Nahiko froga azkarra zen ez da gogor gorrenetakoa, baina bero haundia egin zuen eta nahiko gogorra egin zitzaigun.
Lasterketan parte hartzeko federatua izan behar al da?
Ia guztietan librea izaten da, horrelako probetan behintzat bai. Oso garrantzitsuak diren probetan federatua egon behar duzu Federazio Espainolaren bitartez. Ni orain Munduko Kopa korritzen ari naiz Euskal Selekzioarekin eta han korritzeko adibidez, federatua egon beharra dago.
Eta Munduko Kopa nolakoa izaten da, zein froga izaten dituzue?
Froga ezberdinak daude munduko Estatu ezberdinetan banatuta. Mininimo lau frogetan hartu behar da parte puntuatu ahal izateko. Nik Andorrako frogan 13. egin nuen. Suiza, Eskozia, Italiako Alpeak eta agian Malasiara joango gara korritzera.
Urtean zehar lasterketa asko korritzen al dituzu?
Aurreko urtean oso gutxi, aurten 8-10 bat korritu ditut. Denboraldia martxoan hasten da eta urrira arte irauten du. Orain munduko kopako lau horiek korrituko ditut eta, agian, prestakuntza bezala hemengo lasterketaren bat ere egingo dut, baino askorik ez.
Euskal Herrian eta hemendik kanpo korritzen duzu. Zertan nabaritzen duzu ezberdintasun gehien?
Mundu mailan oso maila altua dago eta munduko korrikalaririk onenak ezagutzeko aukera izan dut; egia esan egurtu egiten gaituzte. Profesionalak dira, batzuk hortaz bizitzen dira, soldata bat irabazten dute, baina horretarako oso ona izan behar da.
Urnietarra izan arren Hernanin Mendiriz Mendin ibiltzen
zara ezta?
Azken urteotan mendian ibiltzen naizenez federatu beharra daukat. Urnietan mendi elkarterik ez dugunez, gertutasunagatik Hernaniko Mendiriz Mendi klubean federatua nago.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzu zeure burua? Zein dira helburuak? Aurten Munduko Kopa horretan lasterketa horiek korritu eta disfrutatzea da helburuetako bat, eta lehenengo hamabosten artean bukatzen saiatu. Datorren urtera begira ez dut plan finkorik, ondo banago eta lesioek laguntzen badidate korritzen jarraituko dut.