Gobernu taldeak ez duela ur parkearen arrakasta onartu nahi «eta gainera, nabaritu egiten dela» salatu du Hernaniko Eusko Alkartasunak Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez. «ANVk zuzendutako gobernu taldeak publizitate kanpaina zabala» egin duela dio, «ur parkean 200.000 euroko gastua suposatuko duten akatsak daudela dioen txosten bat ezagutzera emateko». Hernaniko Eusko Alkartasunak uste du horrekin «ur parkeak hernaniarren artean izan duen arrakasta ilundu besterik ez duela egin nahi».
Txostena
Onartu, onartzen du, akatsak konpontzeko 200.000 euroko gastua izango dela, baina eransten du kontuan izan behar dela «lanen adjudikazioa 3.000.000 eurokoa izan zela; beraz, akatsen kostua lanaren aurrekontuaren %6 besterik ez da». Arratibelen hitzetan, «nahiago genuke, Ezker Abertzaleak egindako lan garrantzitsuek (Kiroldegia, Zubipe edo Latsunbeko bidea) horrelako portzentaia izan balute». Horrez gain dio, gertaerak ez direla izan Gobernu Taldeak esan bezala. Izan ere, Arratibelen esanetan, «txostena egin duen arkitektoak dio akatsak lana gaizki egin delako eta onartutako proeiktua ez delako bete etorri direla». Beraz, bere ustez, Udalak lanaren zuzendariari txosten bat eskatu eta bere esku dauden prozedurak erabili beharko lituzke. Horren ordez, dio Arratibelek, udal ordezkariek «datu hauek izkutatu egin dituzte, ez baitute gaia inongo udal organotan jorratu, eta prentsa oharrak atera besterik ez dute egin».
Gobernu taldearen utzikeria
Arratibelen ustez, «Marian Beitialarrangoitia buru duen taldeak urte bete darama gobernatzen. Tarte horretan, ez da gauza izan, dagokion bezala, irtenbiderik emateko suertatutako arazoei, lanak egindako enpresari kontuak eskatzeko aukera barne». Eusko Alkartasunak uste du «oraingo udal arduradunek, Udaletxekoek zein Kirol Patronatukoek, utzikeriaz jokatu dutela» beren ardurekin.
Ur parkearen arrakasta onartu nahi ez
Eusko Alkartasunak dio «ezker abertzalea indar gehiago jartzen ari dela ur parkeari ospe txarra ematen, arazoak konpontzen baino». Izan ere, «ur parkea ez du gustokoa; ez du onartu nahi aurreko legegintzaldian erabat arbuiatu zuen proiektu batek horrelako arrakasta izatea, milaka erabiltzaile izan baitzituen joan den udaran». Laburbilduz, «min ematen die eraikinaren arrakastak, ezin baitute beren meritutzat jo». Eusko Alkartasunak Udalak gai hau jorratzea exijituko du, ur parkearen kudeaketa «ahalik eta erantzunkizun haundienarekin egiteko».