Madalena Jaiek azken urteetan faltatako festa piztuko dute gaur Lizeagan

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 20a, 02:00

GAUR, goizeko 9:30etako txupinazoarekin hasita, Madalena Jaiak ospatuko dituzte Lizeaga auzoan. Ekitaldi ugari izango dira egun osoan zehar. Txupinazoaren ondoren, goizeko 10:30etatik aurrera umeen txanda izango da. Jolas ugari antolatu dituzte antolatzaileek: sokatira, lokotxak, txingak, zaku eta goilara lasterketak eta zapi eta aulki jokoak. Jokoen amaieran sorpresak eta sariak izango dira. Ordu erdi geroago, helduei zuzenduta, pintxoak, txikitoak eta sagardoa txotx-etik edateko aukera izango da. Herritar guztiei zuzendua dagoen ekitaldia izango da. Bertara hurbildu eta jan edo edanaren arabera ordainduko da. Bazkalorduan, 14:30etan, paella jatea izango dute. Bazkarira joateko txartelak aldez aurretik erosi beharrekoak ziren. Antolatzaileen esanetan «erruz saldu dira bazkariko txartelak, ehun inguru». 15:00etatik aurrera zezen mekanikoa eta puzgarriak izango dira Gay Mur-en. Arratsaldean, bazkaldu ondoren, musika izango da eta gainera, helduentzako jokuak izango dira. Jaiei amaiera emateko, gaueko 21:00etan amaierako txupinazoa izango da. Lizeagako Madalena Jaien antolatzaileek ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, «festa politak izango dira, ondo pasatzeko aukera izango dute» esanez.

14 urte jaiak ospatu gabe
Lizeagan Madalena jaiak 1983. urtean hasi ziren ospatzen. Hamaika urtetan zehar, 1994. urtera arte herrian ezagunak izan ziren jaiak. Hiru egunetan ospatzen ziren, ostiralean hasi eta igandea bitartean. Ekitaldiak gainera, ugariak izaten ziren: xexenak, dantzaldiak, aizkolariak... Orduko jai batzordea osatzen zutenen esanetan «ekitaldiz betetako jaiak ziren, erabateko festa egoten zen eta herriko jende ugari hurbiltzen zen auzora». Hala eta guztiz ere, nahiz eta jai arrakastatsuak izan, urteak pasa ahala, auzoa aldatzen joan zen. Betidanik bertan bizi izan zen jende ugari herriko beste auzo batzuetara joan zen eta Lizeagara ere jende berria etorri zen. Orduko jai batzordeko kideek gazteek jarraitzen ez zutela ikusi eta festak antolatzeari utzi zioten. Hala ere, aurtengoan ilusioz beterik, auzoko gazte talde batek jaiak antolatzeari ekin dio berriz ere. Egun oso baterako ekitaldiak antolatu dituzte eta gauzak ongi ateraz gero, seguruenik datorren urtean ere izango dira Madalenak Lizeagan.

Gaur Lizeagan
09:30 Txupinazoa.
10:30 Haur jolasak
: Sokatira, lokotxak, txingak, zaku eta goilara lasterketak, globoak, zapi eta aulki jokoak, sorpresak eta sariak.
11:00 Pintxoak, txikitoak, sagardoa txotxean.
14:30 Paella jatea
. Ondoren, Musika eta helduentzako jokoak.
15:00 Zezen mekanikoa eta puzgarriak Gay Mur-en.
21:00 Bukaerako Txupinazoa.
Laguntzaileak: Makoke denda, Pacheco, Aitan-Etxe eta Lizeaga tabernak eta Barrena harategia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!