Servando Rivasek Euskadiko marka berria lortu du

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 19a, 02:00

ATLETISMO denboraldia bukatu da, eta behar bezala bukatzeko aste honetan mailu eta disko jaurtiketak izan dira atletismo pistan. Hernaniko atletek erakutsi dute sasoi betean bukatu dutela denboraldia eta aurten lortutako lorpenen ondoren, sekula baino gogo gehigo dute datorrena hasteko.

Servando Rivas, David Muñagorri eta Isabel Reyes
Mailu jaurtiketan, Servando Rivasek bota zuen, jubenil mailan Espainiako Txapeldun titulua eskuratu duena duela gutxi. Servandok Euskadiko marka berri jarri du, 64.02m. Lehenagoko Euskadiko marka onena ere berak zuen. David Muñagorrik, duela gutxi hasitako atletak ere marka polita egin zuen, 39.56 m. Isabel Reyesek bere marka pertsonala errepikatzea lortu zuen, 25.35 m. Isabelek urrezko domina eskuratu du duela gutxi Euskadiko beteranoen txapelketan.

Aitor Olaizola Espainiako txapelketatik gertu
Disko jaurtiketan Real Sociedad taldean aritzen den Aitor Olaizola hernaniarrak bere marka pertsonala hobetzea lortu zuen. Lehen 50.96 m-ko marka zuen eta aste honetan 51.56 m-ko jaurtiketa egitea lortu du. Espainiako txapelketan sartzeko beharrezkoa den marka egitetik 44 zm-tara geratu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!