ANIMO eta ilusio haundiarekin, horrela ospatuko du Encarnacion Rodriguez Portuko bizilagunak gaur bere 100 urtebetetzea. Azaldutakoaren arabera, adin horretaraino iristeko sekretua ere hori omen da, animoa eta kemena. Gaur etxean bazkari ederraren bueltan ospatuko dute urtebetetzea, familia giroan. Encarnacionek, Ignacio Egaña seme eta zaintzailearen laguntzaz, 100 urte hauetako gorabeherak kontatu dizkio Hernaniko Kronikari.
Hondarrabian jaio eta Hernanira etorria
Encarnacion Rodriguez 1909ko martxoaren 28an jaio zen Hondarrabian, Guadalupen. Aita Karabineroa zen eta Hernanira destinatu zuten eta hori dela eta familia osoa Hernanira etorri zen. Lehendabizi, Atzietan bizi ziren (orain Catalana Occidente dagoen horretan), patatera zegoen lekuan; ondoren Kale Nagusian Oindi taberna parean bizi izan zen; eta ondoren Kale Nagusiko 25garren zenbakian bizi zen, ezkondu zenean. Senarra galleta fabrikan ezagutu zuen, lantokian, Antziolan. Guztira sei seme-alaba izan zituzten. Gaur egun Portun bizi da, bere bi semerekin.
100 urtetako oroitzapenak
100 urte bete eta horrelako burua izatea ez da meritu makala, lagunduz gero, ederki asko gogoratzen baititu Encarnacionek garai bateko kontuak. Galleta fabrikan lan egiten zuenean, esaterako, gogoratzen da, nola ateratzen ziren lantokitik Lasarteko zirkuitoan barrena ibiltzen ziren kotxeak ikustera; Galarretan edo Cuesta de la Muerten barrena pasatzen ikusten zituzten. Baita ere nola joaten ziren Tilosetara garai hartako pelotariak ikustera: Rekondo, Arkadio, Zelestino, eta beste hainbat. Pelota partidua ikusten lanera berriro ere joateko ordua etortzen omen zitzaien askotan, eta bazkaldu gabe joan behar izaten zuten berriro ere lanera.
Tilosetan udan eta neguan arkupetan izaten zen bailea ere gogoratzen ditu. Donostiatik jende mordoa etortzen omen zen tranbian.
Hernanitik Santanderrera Gerra garaian
1935ean Hernanitik Santanderrera joan behar izan zuen familiak. Markesa batzuek etxean hartu zituzten. Encarnacionek etxeko lanak egiten laguntzen zien markesei, baina bazkariak eta beren kontura egin behar izaten zituzten. Ignacio Egaña Santanderren jaio zen. Senarra Santoñan atxilotu zuten eta urte batzuk kartzelan pasa zituen. Santanderretik buelta txalupan egin zuten, Encarnacionek Ignacio besoetan zuela, 1937 aldera.
Lizarra eta Iruñean ere bizi izan ziren lana medio. Duela 59 urte Portura joan ziren bizitzera, etxeak egin zituztenean.
Bidaiatzea gustoko
Encarnacionek bidaiatzea oso gustoko du. 20 urtetik gora, urtero, Cascantera joan izan dira. Gaur egun ere urtean 5 edo 6 aldiz Andosillara joaten dira goiz pasa, ardoa, piperrak, olioa eta bestelakoak erostera.