ELKARTASUN eguna izango da gaur, eta egun guztian zehar ekitaldi ezberdinak izango dira, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Bide batez preso eta senitartekoei elkartasuna adieraztea ere bada gaurko Elkartasun Egunaren asmoa. Gaurko eguneko ekitaldia Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitu du eta azpimarratu duenez, herriko talde askoren eta norbanakoen babesa jaso du, eta aurreikusten da parte hartzea zabala izango dela. Azaldu dutenez, gaurko egunarekin gogoratu nahi da «presoen eskubideak okerrera doazela» eta herritarrak gai honen inguruan «kontzientziatu, informatu eta mobilizatu» nahi dira. Euskal presoen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratu egiten direla ere salatu dute, «dispertsioa alde batetik, Hernaniko preso guztiak dispertsatuta baitaude; horrekin batera isolamendua eta bizi arteko kartzela zigorra; eta gainera gaixo dauden presoak kartzelan mantentzen dituzte».
«Elkartasuna ez da karitatea» Aldarrikapenekin batean elkartasuna definitzeko Gari Arruartek idatzitako gogoeta bat ere plazaratu nahi izan dute: «Elkartasuna ez karitatea, elkartasuna ez da txiroari ematen zaion txanpon errukiorra, ez da antzoki batean ikusle izatea, txalo egitea. Elkartasunak ez du zerikusirik gupidarekin edo limosnarekin. Elkartasuna konpromezu bat da, norbanakoa eta kolektiboa. Elkartasuna zerbaiten parte sentitzea da. Atxikimendu bat. Elkartasuna jarrera aktibo bat da, eguneroko ekintza eta keinu txikiez elikatzen dena».
Ekintzez betetako eguna
Gaurko eguna ekintzez betetako eguna izango da. Herri krosa izango da aurreneko zita. Izena eman ez dutenek gaur goizean 10:30etan Plazara gerturatuta egin dezakete. Lasterketaren ondoren, sari banaketa eta hainbat jolas izango dira.
Eguerdiko 13:00etan manifestazioa abiatuko da, Plazatik, Zuk barrutik guk kanpotik tira lemarekin.
Eguerdiko 14:30etan bazkaria izango da Tilosetan, 200 bat lagunentzako. Bazkalostean giroa berotzeko hainbat ekintza ere izango dira: kantuak, mural margoketa eta eskulan enkantea, besteak beste.
Arratsaldeko 19:00etan ekitaldia izango da eta gauean herriko hiru talde eta Donostiako Surfing Kaos taldearekin kontzertua. Tragu bat hartu eta mokadu bat jateko aukera ere izango da.