Kaxko jaien antolatzaileak «pozik partehartzearekin»

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 18a, 02:00

KAXKOKO Karmen jaiak bukatu dira eta antolatzaileen iritziz «eguraldiak lagunduta oso festa onak izan dira». «Kaxkoan bertan bizi direnen eta herritarren partehartzea ezin hobea» izan dela adierazi dute. Guztira 88kg sardina jan ziren gaualdean egiten den sardina janean, jendentza hurbildu zenaren seinale. Antolatzaileek jaietara hurbildu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Hauetaz gain, Adarraga gozotegikoei ere bai, umeen txokolatadaz arduratzen baitira. Baita ere udaleku irekietako lagunei, umeentzako antolatu zituzten jolas guztiengatik. Bestalde, Kaxkoko jaietan urtero sari ezberdinak banatzen dira eta aurten fatxada ederrena aukeratu dute. Irabazlea Madina etxea izan da ondo zainduta egoteagatik, konpletoena izateagatik, arkitektura aldetik ederra izateagatik eta duen komertzio mugimenduagatik besteak beste. Kartetan, eskoban Pepi Peña eta Mikel Carmonak irabazi zuten, musean aldiz Idoia Tejedor eta Jon Alejo bikoteak irabazi zuen.

Rodriguez-Caballero familia
Aurtengoan omenduak Carmen Caballero eta Gonzalo Rodriguez izan ziren. Badajozetik orain 40 urte inguru etorri ziren Kardaberazera bizitzera. Kanpotik etorri diren hainbat familien adibide dira. Familiako lau belaunaldi bizi dira hemen, aiton amonetatik hasi eta birbilobetariano. Omenaldian lore sorta eta zilarrezko plaka bat eman zitzaien eta hiru dantzarik Agurra dantzatu zieten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!