Goizuetarrek bihar emango diete hasiera «Amabirjin fiestei»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abuztuaren 13a

GOIZUETAKO Amabirjin Jaiei bihar emango die hasiera, 12:00etan, Udaletxeko balkoitik botako den suziriak. Jaiak bihar hasi eta asteartea bitartean iraungo dute.

Amabirjin bezpera eta Gazte Eguna
Jaietako lehen eguna, Amabirjin bezpera izateaz gain, Gazteen Eguna ere bada. Goizuetarrek eta inguruko herrietatik hurbilduko den jendeak txupinazoa bota bezain laister izango dute jaiez gozatzen hasteko aukera. Suziria zeruan lehertu ondoren, trikitilariak, buru haundiak eta erraldoiak ibiliko dira Goizuetako kaleetan barrena. Ordu berean, Etxerat-en txosnan, Euskal Presoen aldeko brindisa egingo dute. Eguerdian berriz, 12:30etan, gazte poteoa izango da Dj Bull dultzaineroarekin. Bi ordu geroago, 14:30etan, paella jatea egingo dute gazte bazkarian (txartelak Amaia kafetegian daude salgai). Arratsaldean, 17:30etan, lagun arteko Show emanaldia izango da. Gazteek, 20:00etan, gazte txupinazoa botako dute Gaztetxean eta ondoren Umore-Ona eta Igandea txaranga aterako dira. Festetako lehen eguna amaitzeko, gauerdiko 00:00etatik aurrera dantzaldia izango da Tximeleta taldearekin eta beranduxeago, Igandea txarangak, berriro ere, Goizuetako kaleak alaituko ditu.

Ostiralean Amabirjin eguna
Goizean goiz, 07:00etan, Tolosako dultzineroek emango diote hasiera jaietako egun garrantzitsuenari. Ondoren, 08:00etan entzierroa izango da Lasturko zezenekin. Amabirjinaren eguna dela kontuan izanda, 10:30etan meza nagusia izango da eta ondoren ohiko prozesioa egingo dute Amabirjinarekin. Eguerdian txistulari eta buruhaundiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Ondoren, eskuz binakako bi pilota partidu izango dira. Arratsaldean, zezenak eta herri kirolak izango dira herriko plazan; aizkolariak eta harrijasotzaileak. Gauean berriz, euskal presoen aldeko afari herrikoia eta kalejira izango da. Eguna Haitzmas taldearen dantzaldiarekin eta Igandea txarangarekin amaituko dute.

Larunbatean elektrotxaranga
Goizean, entzierroa izango da Lasturko zezenekin. Ondoren, afizionatu arteko pilota partiduak jokatuko dira. Eguerdian, 12:30etan, herriko txistulariak eta buru haundiak ibiliko dira kaleetan barrena. Arratsaldean berriz, 17:30etan zezenak izango dira. Geroxeago, 19:00etan Umore Ona dantza taldearen emanaldia izango da eta ondoren, Elektrotxaranga. Gauerdian, Laiotz taldearekin izango da dantzaldia eta ostiralean ere, Igandea txaranga irtengo da gaueko ordu txikietan kaleetan musika jartzera.

Igandean bertso saioa
Goizean, diana izango da dultzaineroekin eta ondoren, entzierroa Lasturko zezenekin. Haurrek puzgarriak izango dituzte goizeko 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 15:30etatik 18:30etara. Eguerdian berriz, pilota partiduen txanda izango da. Igande arratsaldean ere, zezenak izango dira. Arratsaldeko 19:30etan goizuetarrek eta bertara hurbiltzen direnek bertso saio bikainaz gozatzeko aukera izango dute, A. Egaña, M. Lujanbio, X. Paia eta J. Zelaieta bertsotan izango baitira; gai jartzailea Gorka Tolosa izango da. Ordubete geroago, monologoa izango da Gaztetxean. Eguna amaitzeko Laiotz taldearekin dantzaldia eta Igandea txarangarekin musika izango da.

Ezkondu eta Umore-Ona peñaren eguna
Astelehenean jai egitaraua pilota partiduekin hasiko da. Lehendabizi, eguerdiko 12:30etan hasita, 4 1/2an lehen mailako afizionatuen arteko partidua izango da eta ondoren, aspaldiko ohiturak jarraituz, Goizueta Aranoren aurka. Eguerdiko 15:00etan Umore Ona peñaren bazkaria izango da eta ondoren kalejira egingo dute peñek Igandea txarangarekin. Beranduago zezenak izango dira eta hauen ondoren, dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin. Gaueko 23:00etan kontzertu emanaldia izango da Deskontrol eta UEK taldeekin Gaztetxean. Eguna Joselu Anaiak taldearen dantzaldiarekin eta Igandea txaragarekin amaituko da.

Udala eta ikastolako tabernaren artean antolatutako jaia
Jaien azken eguna Gipuzkoako eta Nafarroako sagardogile onenen sagardo probaketarekin hasiko da. Arratsaldean, 16:30etan V. Mus Txapelketa izango da Iskibi kanpinean. Ordubete geroago, haurrentzako pailazoak izango dira, ondoren sorpresa eta umeentzako tailerrak. Azkenik, jaiei amaiera, toka txapelketak emango die.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!