Sukaldaritza ikastaroa: jaki goxoak prestatzen ikasteko eta lan munduan sartzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 18a, 02:00

SUKALDARITZA ikastaroa hasi da uztailarekin batera, Udalak antolatuta eta INEMek eta Europako Gizarte Fondoak lagunduta. Urteak daramazkite ikastaroa ematen eta hasieran langabetuei zuzendatutako ikastaroa bazen ere, aurten lehen aldiz, egun erdiko lanaldia dutenei ere aukera eman diete matrikulatzeko.

Sukaldari edo gozogile postua lortzeko aukera
Errose Etxebeste da sukaldaritza ikastaroko irakaslea. Dagoeneko badaramazki 7 urte kurtsoa ematen. Azaldu duenez, perfil ezberdinetako ikasleak matrikulatzen dira ikastaroan, «gehienak langabezian dauden ikasleak izaten dira, beste ikasketa batzuk egin eta lan munduan sartzeko aukera izan ez dutenak». Azaldu duenez, hostalaritzan nahi izanez gero badago lana eskuratzeko aukera. Horrekin batera azaldu du, badagoela sukaldaritzarekin zer ikusirik ez duten ikasketak egin dituzten ikasleak, baina lana aurkitu ez dutenez, sukaldaritzarekin proba egitea erabaki dute. Beste batzuk aldiz, sukaldaritzaren mundutik datoz, baina lana hobetzeko edo aurrera egiteko titulua eskuratu nahi dute.

Ikastaro konpletoa
Errose Etxebestek azpimarratu du, ikastaro osoa dela eskaintzen dena. Guztira 834 ordu ematen dira, astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 15:00etara, uztailan hasi eta otsailera arte. Ikastaroa hiru modulutan dago banatuta eta gai asko jorratzen dira, sukaldaritza nahiz gozogintza lanetan ondo prestatuta aritzeko. Aurreneko moduluan, elikadura eta dietetika, elikagaiak manipulatzen eta lan munduan sartzeko teknikak irakasten dira. Bigarren moduluan, oinarrizko sukaldaritza (mamia, saltsak, zopak, barazkiak...); pasta, arroza eta zerealak; arrautzak oinarri dituzten jakiak; eta arraina, itsaskia, haragia, eta ehiza oinarri duten jakiak prestatzen ikasten da. Azken moduluan, aldiz, gozogintza eta postre eta izozkiak prestatzen ikasten da; baita, herrialde ezberdinetako jakiak eta bertako jakiak prestatzen ere. Horrekin batean, sormeneko sukaldaritza eta ingurumena zaintzen ere ikasten da. Gai guzti horiek oso modu praktikoan irakasten dira, irakasleak azaldu duenez, «egunero aurreneko eta bigarren platerak prestatzen ditugu, baita postrea eta ogia ere».

Praktikak egiteko aukera
Ikastaroa bukatzean enpresa ezberdinetan praktikak egiteko aukera izaten da. Errose Etxebestek azaldu duenez, ikasle batzuk praktikak egindako lekuan hasten dira lanean. Gainerakoek ere, bataz besteko haundi batean, lana aurkitzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!