OIARSO Sozietate Kooperatiboko langile talde bat elkartu zen atzo enpresaren atarian langile bat kaleratu izana salatzeko. ELA sindikatuko ordezkarien arabera, langileak zortzi urte zeramatzan enpresan eta sindikatuaren esanetan «kaleratzea ezustean egiteaz gain, dagozkion kaleratze baldintzak ere ez dituzte bete».
Bazkideak eta langileak
Oiarso S.K. enpresa Mondragon Kooperatibako kidea da. Ibarluze poligonoan dago eta bertan erabilera bakarreko material sanitarioa egiten da, ospitaletarako eta abar. Bertan, bazkide edo kooperatibistak diren 25 langiletik gora daude batetik, eta bere konturako langile edo autonomoak dozenatik gora bestetik. Azken hauek diotenez, enpresak hasieratik jakinarazi zien Txinan lantegia irekitzekoa zuela eta hori gertatzean bere konturako langileek lanik ez zutela izango.
300 euroko aldea
Langile hauek, gehienek, zortzi urte inguru eman dituzte enpresan lanean eta jakin bazekiten kaleratzea iritsiko zela, baina enpresari eskatu zioten bitartean bazkideek eta langileek soldata bera izatea. Izan ere, lan bera eginda kooperatibista baten eta langile baten soldaten artean 300 euroko aldea dago. Sindikatuaren ordezkariaren arabera, «nire lankide batek nik baino 300 euro gehiago jasotzen ditu, lan bera eginda». Urteak pasa dira ordea, eta «enpresarekin hitz egiten saiatu arren, modu ezberdinatara gainera» ez dute keinurik ikusi enpresaren aldetik langileeen soldatak berdintzeko. Horregatik, urtarriletik aurrera indar gehiago eman diete beren aldarrikapenei eta azken hiru hilabetetetan bilerak egiten aritu dira.
Bat-batean, kaleratzea
Sindikatuaren arabera, aldarrikapenak indartu direnean etorri da kaleratzea, «ezustean eta zentzurik gabe, langile horrek zortzi urte baitaramazki enpresan». Sindikatuak langilea berriz hartzea eskatu du eta hala ez bada, «behintzat langileari dagozkion kaleratze baldintzak betetzea, horiek ere ez baitituzte behar bezala bete». Protestekin jarraitzeko asmoa adierazi du ELA sindikatuak eta ostiralean beste elkarteratzea deitu du, enpresaren parean, goizeko 09:30etatik 10:30etara.