Udalak mozioa onartu du, Europako Parlamentuan etorkinen inguruan onartutako direktiba salatzen duena

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 17a, 02:00

EZKER Batuak aurkeztutako mozioa onartu zen atzo Bozeramale Batzordean, Europako Parlamentuan duela gutxi onartu den etorkinen inguruko direktiba bat salatzeko. Mozioak aurrera egin zuen EBren, Gobernu taldearen, EAJ-ren eta EAren aldeko botoekin. PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.

Giza eskubideen urraketa
Mozioa onartuta Udalak direktibaren aurkako jarrera azaldu du, direktiba berriak etorkinak kriminalizatu eta zigortzen dituela argudiatuta. Horrez gain dio, araudiak oinarrizko giza eskubideak urratzen dituela, Europar Batasuneko herrialde gehienek hitzartu dituztenak. Mozioak azaltzen du Europar Batasunak jarrera arrazista eta xenofoboenen alde egiten duela, direktiba hau onartuta. Horrekin batera, mozioan Udalak eskatzen die euskal instituzioei, alderdi politikoei eta herritarrei direktiba honen aurkako jarrera publikoki azaltzea, «Euskadi xenofobia eta jarrera arrazistak baztertzen dituen autonomia dela aitortuz». Direktiba honek gizaki kategoria bat sortzen duela dio, «mota guztietako gehiegikeriak jasateko arriskuan dagoena, egoera irregularrean daudelako». Beste puntu batean Europar Batasuneko kideei eskatzen zaie hartutako erabakia berriro ere aztertzeko, «izan ere paperik gabeko etorkinak 18 hilabetez atxilotu ditzakete, laguntzarik gabeko adin txikikoak bota ditzakete eta bost urteko epean itzultzea debekatu diezaiekete». Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dezala araudia ez onartu ez bete. Horrekin batera dio, Estatu Espainiarraren obligazioa dela etorkinen inguruko politika autonomia guztiekin hitzartzea, eta eskatu du «etorkinen kolektiboak izan dezala gutariko askok izan zuen tratu bera, arrazoi politikoengatik, gerra zibilean eta diktaduran, edo arrazoi ekonomikoengatik, emigratu behar izan genuenean».

PSE-EEren kontrako bozka
PSE-EEk bere kontrako bozka azaldu du. Uste du onartutako direktiba aurreneko urrats bat dela, «nahiz eta ez den ideala». Dio etorkinentzat onuragarria dela , «lana zailtzen dielako araudi faltaz onura ateratzen duten mafiei». Horrez gain azaldu du, etorkinei lehendik ere direktibako garantiak edo hobeak eskaintzen zituzten Estatuak ez dituela horiek murriztera behartzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!