AUZOETAKO gero eta jai gehiago daude herrian, horren seinale da gaur Latsunbeberri eta Marieluts auzoetan ospatuko den jai eguna. Aurten hirugarren urtea izango dute. Egun sinboliko batekin hasi zen jaia arrakasta haundiko ospakizun bihurtu da, antolatzaileen pozerako. Arrakasta ikusita, gero eta ekintza gehiago erantsi dizkiote egitarauari, eta jai bezperan ere somatzen da auzoan badutela denek elkarrekin egun pasa ederra egiteko gogoa. Orain eguraldiak laguntzea besterik ez da falta.
Adin guztietarako ekintzak goizetik gauera
Latsunbeberri eta Marieluts aldean adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute. Jaiak ofizialki goizeko 09:00etan hasiko dituzte, suziria botata. Segidan, Artetik taldeak dinamizatuta, haurrentzako jolasak izango dira. Zapi jokoan, bonban, animali jokoan eta joko ezberdinekin osatutako ginkanan jolasteko aukera izango dute 4 eta 12 urte arteko haurrek. Parte hartzen duten haur eta gaztetxo guztientzat opariak izango dira.
Goizeko 10:30ak aldera marrazki erakusketa izango da. Auzoko haurrek etxetik eraman beharko dituzte marrazkiak; onenek sari bereziak lortu dituzte. Segidan, tortila patata lehiaketa izango da eta epaileak sukaldari adituak izango direnez, parte hartzaileek mimo askorekin egin beharko dituzte tortilak. Sariak izango dira denentzat. 12:00ak aldera tortila pintxoak salmentan jarriko dituzte. Buruhaundiek eta trikitilariek girotuko dute pintxo jatea.
Eguerdiko 13:00etan, futbito eta fron-tenis txapelketetako sari banaketa egingo dute.
Eguerdian bazkaria antolatu dute Karobi elkartean. Dagoeneko izen ematea egin dute eta txartela dutenek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
Bazkalondoren, ohe elastiko eta puzgarriak jarriko dituzte kirol pistan, gazteen gozamenerako.
Hernaniko Musika Eskolako txaranga ere izango da gaur festetan, 17:00etatik aurrera, eta ordu erdi geroago, ping-pong erakustaldia egingo dute Atletiko San Sebastian taldean jokatzen duten Aitor Mitxelenak eta Julen Legarrak. Segidan txapelketa izango da.
Helduek bazkaria jaisteko toka eta igel txapelketa jokatuko dute, 19:00etatik aurrera.
Arratsaldeko 19:30etan merezitako txokolatada izango dute haurrek.
Gaueko 21:30etatik goizaldeko 01:30etara disko musika jartzailea izango da, Atarrabiyo parkean, jai eguna behar bezala bukatzeko.
09:00 Auzoko festen
hasierako kohetea.
09:30-12:30 Betiko jokoak: zaku
lasterketa, altxorraren bila, zinta
lasterketa bizikletarekin, zapi jokoa
eta mahai-futbola.
10:30 Marrazki erakusketa,
kirol pistan.
11:00-12:00 Tortila patata
txapelketa.
12:00 Trikitilari eta buruhaundiak, auzoan zehar.
13:00 Sari banaketa
Atarrabiyoko oholtzan.
14:00 Bazkaria, Karobi elkartean.
16:30-19:30 Puzgarriak eta ohe
elastikoak, kirol pistan.
17:00 Hernani Musika Eskolako
gazteen txaranga.
17:30 Ping-pong txapelketa,
auzoko frontoian.
19:00 Toka eta igel txapelketa, Karobi elkartean.
19:30 Txokolatada, auzoko
frontoian.
21:30-01:30 Musika,
Atarrabiyoko oholtzan.