Mendiriz Mendik Carros de Foc-erako ibilbidea antolatu du oraingoan. Ibilbidea Lleidako probintzian dago kokatua, Boi, Espot eta Vielha eratzen duten hirukiaren erdian. Paisaia goi mendikoa da eta erliebea, fauna eta landareria ikusgarriak ditu. Elkarteak irteera uztailak 31 eta abuztuak 1, 2 eta 3rako prestatu du. 2006. urtean elkarteak ibilbidearen lehenengo zatia egin zuen eta aurten amaitzeko geratzen diren etapak egiteko asmoa dute.
Hernanitik nola iritsi
Joateko, lehendabizi Baionarako ibilbidea hartu behar da, A-8 autopistatik. Bertara iristen goazen heinean, Pau-ra doan autopista hartu eta Montrejeau-eko irteera hartu behar da. Montrejeau-en Vielha-ra doan D-33 errepidea jarraitu behar da. Azken herri honetara iristean, Suert aldera egin behar da. Horretarako, N-230 errepidea hartu behar da. Baina Pont de Suert-era iritsi baino bi kilometro inguru lehenago, L-500 errepidean ezkerrerako irteeran atera behar da. Bertatik joanda, Boi herria pasako dugu eta errepidea jarraituz Cavallers-eko urtegira iritsiko gara.
Ibilbidearen deskripzioa
Ibilbidea lau egunetan egongo da banatuta. Lehenengo egunean, Cavallers-etik Ventosa i Calvell aterperako bidea egingo da bi ordu eta erdi inguruan. Cavallers-eko urtegitik atera eta Pleta de Riu Malo-ra iritsiko gara. Handik pintura arrastoak jarrai
tuta segituan iritsiko gara aterpera.
Bigarren eguneko ibilbidea luzeagoa izango da; Ventosa i Calvell-etik, Estany Llong aterpea pasatuz, Boi herrira, zortzi ordu inguru. Harkaitzen artean behera egingo dugu eta Estany LLong atzean utziko dugu. Bidetik Punta Alta-ra doan bidea utzi eta ezkerretara joko dugu eta Collet de Contraix-era iritsiko gara. Estany de Llong-rako jaitsiera egin ondoren Boi aldera doan bidea hartuko dugu. Bertan nahi duenak herrira joateko aukera izango du.
Hirugarren eguna aurrekoa bezain luzea izango da, Boi-tik atera, Colomina aterpea pasa eta Josep M Blanc aterperainokoa, zortzi ordu ingurukoa baita ere. Aterpetik Dellui alderako bidea jarraituko dugu, bidean paisai ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu. Estany Tort pasa ondoren, gorantza egin eta Comina aterpean deskantsu txiki bat egingo dugu. Ondoren, Pas de L´Os-era igoko gara. Estany de Saburó, Estanys del Cap, Coll de Monestero, Estany de la Lastra eta Estany Negre pasa ondoren aterpera iritsiko gara. Aterpearen kokapena oso bitxia da, Estany Tort de Pequera-k duen istmo txiki baten gainean dago kokatua.
Laugarren eta azken eguneko ibilbidea, lehenengoaren antzera, laburra izango da. Josep M Blanc aterpetik atera eta Espot herrira joango gara bi ordu eta erdi inguruan. Autobusak Espot herrian itxarongo digu. Egingo dugun bide guztia beherantzakoa izango da, batere zailtasunik gabe egingo dugu, oso erosoa da.
Ibilbideko datu aipagarriak
Carros de Foc Aigües Tortes-Lago de Sant Maurici Parke Nazionalean dagoen ibilbide ezaguna da. Hau, Kataluinan dagoen Parke Nazional bakarra da.
Carros de Foc goi mailako mendi ibilbidea da, 2.400 metrotara kokatzen da eta 9.200 metroko desnibela du. Guztira, ibilbidea egiteko 5-7 egun bitartean behar dira.
Paisaia goi mendikoa da eta erliebe, fauna eta landareria ikusgarriak ditu. Parkeko elementu agerikoenetariko bat ura da, erreka mordoa eta 200 laku baititu.
Arroka nagusiak granitoa eta pizarrez osatuak daude. Erliebeak azaltzen dituen formak Kuaternarioko glaziarrek egindako higadura lanaren ondorioa dira. Bertan, U itxura duten haranak, lakuak eta mendiak topa ditzakegu; glaziazioko izotzak urtu zirenean azaleratu ziren. Laku hauetako asko, gaur egun sedimentuz beteta daude. Ondorioz, lakuak kolmatu diren tokian ingurune lauak sortu dira. Bertatik pasatzen diren ibai eta errekek meandroak sortu dituzte eta horregatik deitzen zaio parkeari ´Aigüestortes`.
Parkeak duen faunaz gozatzea ez da batere erraza, jendearekin izutu egiten baita. Halere, askotan izaten da sarrioa, basurdea, erbinude zuria, marmota edota orkatzak ikusteko aukera. Hegaztiak aldiz, saia, ugatza eta arranoa errazago ikusten dira. Bertan bizi diren basoilarrak ikustea ez da erraza izaten, nahiz eta egiten dituzten kantu bitxiak entzun ahal izaten diren.
Florari dagokionez, parkeko behealdean urkia, haritza eta pagoa dira nagusi. Goialdean berriz, izeia eta pinuak daude, hau da, tenperatura baxuak jasaten dituzten landareak. Goi mendiko soroetan, garai hauetan landare eder eta ikusgarriez gozatzeko aukera izaten da.