Zer sentitu duzu Kaxkoko Alkate berria izango zarela jakin duzunean? Erokeria bat, benetan. Pentsa ezazu zer den 92 urteko pertsona batentzat festetan egoten den giro ikaragarri horretan jartzea. Niretzako karrera horrela amaitzea egundokoa da. Izugarrizko ilusioa dut. Daukadan adinarekin ezin zidaten ezer hobeagorik eman, sekulakoa iruditzen zait nitaz gogoratu izana, erotu egin dira.
Makila eskuetan duzunean nola erreakzionatuko duzu?
Ba al dakizu zer esango duzun?
Ez dakit zer sentituko dudan, pozez lehertuko naiz. Izugarrizko zortea eduki dut, oso lagun onak ditudan seinale, dudarik gabe. Ez dut ezer preparatu, askotan horrek ez du ezertarako balio izaten. Momentuan sentitzen dudana eta ateratzen zaidana esango dut.
Non aldatuko duzue eskuz makila?
Hemen, edifizio honetan. Beheko balkoian egingo dugu gu hirugarrenean bizi baikara eta jendeak ikusteko altuegi geratzen da. Beraz, lehenengo pisukoei baimena eskatu diegu. Juli Ayerrak, aurtengo Kaxkoko Alkateak, emango dit makila.
Kaxkoko Alkate izateak betebeharrik ba al du?
(Barre artean) Ez, nire adinean zein betebehar edukiko ditut ba nik!? Udaletxeak guztia ezin hobeto dauka, gainera, nik horretan ideiarik ez dut. Herria ederki daramate, garbi-garbia dute... primeran egiten dute beraien lana.
Noiztik daramazu Kaxkoan bizitzen?
Berastegikoa naiz berez. Hala ere, orain urte mordoa etorri nintzen Hernanira bizitzera. Lehendabizi Nafarroa kalean egon nintzen bizitzen eta orain 30 urte inguru etorri nintzen Kardaberaz kaleko 62 zenbakira bizitzera.
Zein berezitasun du zuretzat herriko gune honek?
Kardaberaz kalea niretzat bakarra da. Esan bezala, hasieran Nafarroa kalean egon nintzen baina hori mo-
tzegia da nire gusturako. Kardaberaz kalea oso lasaia da, nahiz eta askotan aurkakoa ematen duen. Festetan soinu pixka bat izaten da baina hori normala da. Lasai bizitzeko kalea da.
San Joanak pasa berri dira, baina Karmengo jaiak zuentzat bereziak izango dira ezta?
Niretzat elizarekin zerikusi zuzena duten jaiak dira. Karmengo birjinari festa bat egitea izugarrizkoa da, bere izenean egiten den festa da. Gainera, egitaraua ikusten baduzu, egun hori ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte, benetan itzela da.
Nola pasako duzu gaurko eguna? Zer egingo duzu?
Alde batetik bestera. Hemen Makila eskuz aldatuko dugu eta Alkate berria izendatuko naute. Ondoren, Plaza Berrin egiten den bazkari herrikoira joango naiz. Etxera siestatxo bat egitera etorriko naiz pixka bat deskantsatzeko eta gero, erakusleihoen sariak ematera joango naiz. Gainera, sardinen jana arte geratuko naiz aurten, festak ospatzeko gogo haundia daukat.
Jaiak betidanik ezagutzen dituzula kontuan izanda, asko aldatu al dira azken urteetan?
Ez, antzekoak direla esango nuke. Agian egitaraua da gehien aldatu dena, oraingo ekitaldietan denontzako lekutxo bat egitea bilatzen da, umeentzat, helduagoentzat... oraingoa zabalagoa da. Bestela Kaxkoko jendeak lehen bezain gogotsu hartzen ditu Karmengo Jaiak, oso giro ona egoten da.
Akordionista bezala zara ezaguna herrian, kanpoan ere ibili zara, ezta?
Bai, behin Bartzelonan Espainiako txapelketa bat egin zuten. Ni zortzi egun falta zirenean enteratu nin
tzen eta autobus bat hartu eta hara joatea erabaki nuen. Atera bezain laster han ikusi nuen txapelketako arduradunetako bat. Lotsagabe bat zela esan nion abisatu ez izanagatik eta kontzertuan jo beharreko partitura eskatu nion. Etxera etorri eta ikusi nuenean izugarri zaila zela ohartu nintzen. Asko entsaiatu ondoren lortu nuen ikastea. Bartzelonara iritsi eta txapelketara atera baino lehenago gela bat eman zidaten ikasteko. Ni pasodobleak, tangoak eta rantxerak jotzen aritu nintzen eta erotu egin nintzela uste zuten, baina nik ez nien nola jotzen nuen erakutsi nahi, estrategia bat zen. Partaideetako inork ez zuen partitura jotzea lortu, nik bakarrik eta irabazlea izan nintzen. Herrira itzuli nintzenean harrera ikaragarria izan nuen. Herriko adopzio semea izendatu zidaten, sekulakoa izan zen niretzat. Zilarrezko plaka erraldoi bat ere eman zidaten orduan.
Gauza bereziak gertatuko zitzaizkizun kontzertu horietan, ezta? Behin herri batera joan nintzen jotzera eta tronpetariak besterik ez zeuden. Dantza lotua debekatua zegoen herrian eta jendea herriko mugara eramatea erabaki nuen eta jotzen hasi nintzen. Han ezin zieten ezer esan horrela dantzatzegatik, polita izan zen. Ordutik aurrera eman zieten herritarrei baimena.