Karmen jaiek festa giroa jarriko dute Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 16a, 02:00

Karmen eguna berezia izaten da herriko Kaxkoko lagunentzat. Uztailaren 16an Kaxkoko Auzo Elkarteak egun guztiko festa antolatzen du urtero eta aurten ere ez dira ekitaldiak faltako. Goizean goiz, 9:00etan meza izango da. Ondoren, 9:30etan diana sumatuko da Kaxkoko kaleetan barrena, jai eguna hasi dela adierazteko.

Ekitaldi nagusiak
Txupinazoak eguerdiko 12:00etan emango die hasiera ofiziala aurtengo Karmengo jaiei. Ondoren Manuel Yaben Agirre, 92 urte, izendatuko dute Kaxkoko alkate berria. Ekitaldia Kardaberaz kaleko 62. zenbakian izango da. Manuel Yaben edifizio horretako hirugarren pisuan bizi da eta altuegi geratzen denez, eskuz aldatzea lehenengo pisuko balkoian egingo da. Makila orain arte Alkate izan den Juli Ayerrak emango dio. Manuel Yaben herrian akordeonista izateagatik da ezaguna. Zabala da bere karrera. Euskal Herritik eta Estatutik kanpo ere zabaldu ditu akordeoi doinuak. Espainiako Txapelketa ofiziala ere irabazia du. Orduan, txapeldun geratu ondoren, herrira iritsi zenean Hernaniko adopzio semea izandatu zuten. Urtero egiten den monduan, aurtengoan ere izango da omenaldia. Alkate berria izendatu ondoren, Kardaberaz kalean laugarren belaunaldia daraman Rodriguez-Caballero familia omenduko da. Bertan, txistulariak eta dantzariak izango dira. Eguerdia musika doinuez alaitzeko, trikitilariak ibiliko dira Kaxkoan zehar. Ondoren, azken urteetan bezala, aurten Kaxkoko fatxadarik ederrena zein den aukeratuko dute. Bazkalorduan, 14:00etan, Plaza Berrin bilduko dira bizilagunak bertan izango den herri bazkarian.

Adin guztietarako ekitaldiak
Arratsaldea, Karmengo jaietan ohitura den moduan, adin guztietako jendearentzako ekitaldi ugariz betea izango da. Hasteko, 16:30etan, tradizioa den moduan, karta saioa izango dute Kardaberaz kalean. Jada jakina den bezala, parte hartzeko bikoteak bereziak izan ohi dira, emakumeei protagonismoa emanez. Bikoteak gizon eta emakumeez osatutakoak izan beharko dira edo emakume hutsez osatutakoak; eskoban eta musean arituko dira. Segidan, arratsaldean, haurrei eta gaztetxoei zuzenduriko ekitaldiak egongo dira. 17:00etatik 19:00etara Plaza Berrira hurbiltzen direnek gaztelu puzgarriez gozatzeko aukera izango dute. Tartean, arratsaldeko 17:30etan, haurrentzako txokolate jana izango da Plaza Berrin. Gaztetxoen txanda hau amaitzerakoan izango da, arratsaldeko 18:00etan Kale Nagusian barrena jokoak izango baituzte. Egunak aurrera egin ahala, 20:00etan, izendatu berri den Alkateak, Manuel Yabenek, Kaxkoko erakusleiho politenen sariak emango ditu. Karmengo jaiak, beste hainbat gauza medio, urtero egiten den sardina janagatik dira ezagunak. Jende ugari hurbiltzen da eta jai hauetan ere izango dute horretarako aukera. Ilunabarreko 20:00etan hasita gaueko 22:00ak bitartean izango da Plaza Berrin. Gainera, sardina jana musikaz lagunduta egingo da. Azkenik, jaiak gauerdiko 24:00etan amaituko dira txupinazoarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!