Bigarren eskuko azoken balorazioa ezin hobea

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 16a, 02:00

HERNANIN hileko azken asteburuan bigarren eskuko azoka egin ohi da. Urtean behin, Udalak San Markoseko Mankomunitatearekin elkarlanean antolatzen du azoka, aurtengoa joan den maiatzean egin zuen. Normalean ohizkoak izaten diren postuez gain, San Markoseko Mankomunitatearekin elkarlanean antolatzen denean azoka, informazio puntua, animazioa eta tailerrak izaten dira. Gainera, bertara hurbiltzen direnei, nahi izanez gero, berrerabilgarria den poltsa bat ematen zaie.

San Markoseko Mankomunitatearen balorazioa
Bigarren eskuko gaien Merka2sanmarkos azoken hirugarren edizioa izan da aurtengoa. Antolatzaileen esanetan, aurtengo edizioan antolatu dituzten 11 azokek«egundoko arrakasta izan dute». San Markoseko Mankomunitateak antolatzen dituen azokak, edizio bakoitzean herriz herri ibiltzen dira, eta normalean, herri horietan ez da biga- rren eskuko beste azokarik izaten. Hala ere, kontuan izan behar da, hernaniarrentzat bigarren eskuko azoka ez dela berria. Aurtengo edizioan, guztira 31.250 bisitari hurbildu dira. Azokak, batez ere, hondakinen murrizketari buruzko informazioa zabaltzeko topagune bezala antolatu dira. Antolatzaileen esanetan «bai azokara hurbildu diren bisitariak eta baita antolatzaileak berak ere oso pozik geratu dira». Antolatzen dituzten azoketako partehartzaileei dagokienez, hauek San Markoseko Mankomunitateko udalerrietakoak izaten dira; gehienak donostiarrak, lasarte-oriatarrak, errenteriarrak eta hernaniarrak dira. Antolatzaileen ustetan, «azoka hauek hondakin gutxiago sortzeko zenbait praktika hedatzeko ere balio dute». Aurtengo edizioan, hurbildu diren herritarrei Mankomunitateak abian jarri dituen zenbait esperientzia praktiko azaldu dizkie, 5.000 poltsa berrerabilgarri banatu dituzte eta «propagandarik ez» dioten 800 pegatina banatu dituzte, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!